Analisisa | bat formula-hungariako sari nagusia
Haize garbia
Hamiltonek (McLaren) eta Lotuseko Raikkonenek eta Grosjeanek igandean Budapesten jokatu zen lasterketan egindako lan bikaina azpimarratzen du analisi honetan egunkari honetako Bat Formulako adituak. Halaber, autoen arteko diferentziak argiagoak direla aipatzen du.
Xabier ALZELAI Probetako ingeniaria
Hamiltonek denboraldiko bere bigarren garaipena eta palmareseko hemeretzigarrena eskuratu du, Lotusen erasoari eutsiz. Asteburu borobila izan da ingelesarentzat, Fernando Alonsorekiko 15 puntu irabazi baititu, 47ra geratuz. Webberrek sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du eta Vettelek hirugarrenean. RedBullentzat ez da asteburu positiboa izan, bi autoak hiru geldialdi egitera behartuta ikusi ondoren.
Hamiltonek larunbateko kalifikazioa kontrolpean izan zuen, baita lasterketaren gehiena ere. Baina Raikkonenen aldetik izugarrizko presioa jasan behar izan zuen amaiera aldera. Lotusek beste inork erabili ez zuen karta batekin jokatu zuen: helburua Kimi haize garbian mantentzea zen bigarren stint-ean pneumatiko bigunekin. Estrategia honekin Vettel eta Grosjean aurreratzea lortu zuen. Aurreratzea oso zaila den zirkuitu batean estelak ekiditea garrantzitsua da denbora ez galtzeko. Hau da, haize garbiko tarteak bilatzea. Amaieran, gurpil freskoagoekin baina KERS arazoekin, Hamilton harrapatu zuen, baina honek eustea lortu zuen pneumatikoak mantenduz.
Kimi Raikkonenen lasterketa bikaina izan zen, eta Lotusek berriro bi pilotuak podiumean sartu zituen. Garbi dago kalifikazioan hobetu behar dutela aurten garaipen bat lortzeko, lasterketan oso erritmo indartsua daramate. Bi autoak gurpil bigunetan bidali zituzten bigarren stint-ean, erasorako estrategia bat aukeratuz.
Alonsok nahiko lasterketa lasaia izan zuen, beste emaitza positibo bat poltsikoratuz. Bere lehiakide zuzenarekiko abantaila handiagotu du: Webber 40 puntura utzita doa oporretara, azken 23 lasterketetan puntuak lortuta. Aurtengoa moduko denboraldi batean, konsistentzia oso garrantzitsua da.
Orain talde guztiak oporretara doaz, irailaren 2an ikusiko dute berriro elkar Belgikan. Denboraldiaren bigarren erdialdea luzea eta erabakigarria izango da tituluari begira. Oporretara joan aurretik, non dago bakoitza erritmo ikuspuntutik? Ostiraleko entrenamendu libreen amaiera aldera euria azaldu zen Budapesten, hain zuzen taldeek txanda luzeak burutzen zituzten unean. Hori dela-eta, taldeek plan aldaketa bat egin behar izan zuten. Euria denboraz aurreikusi zutenek FP1-ean probatu zituzten txanda luzeak, beste batzuek larunbateko FP3-an, eta beste batzuk batere gabe geratu ziren. Horien artean Ferrari, Sauber, Lotus eta Williams.
Badirudi autoen arteko diferentziak denboraldi hasieran baino garbiagoak direla orain: Hamilton +0.0s, Webber +0.6s, Vettel +0.8s, Hulkenberg +1.2s, Button +1.4s, Vergne +1.6s, Rosberg +1.7s, Schumacher +2.2s. Mercedes da denboraldi hasieratik hona gutxien hobetu duen taldea. Ferrari ez zen ondo hasi baina dagoeneko auto lehiakor bat lortu dute eta akats gutxi egiten dituzte.
McLaren, aldiz, indartsu hasi zen, gero erritmoa galdu zuen eta badirudi berriro indartu dela. Pasa den urtearekin alderatuz, badirudi gehien sufritzen ari dena RedBull dela. Difusore debekatuekin galdu zuten abantaila era guztietara berreskuratzen saiatzen ari dira, Vetteli pasa den urteko autoaren sentsazioa itzultzeko. Beraien esperantza bakarra denbora hauek baldintza desberdinetan neurtu zirela da (FP3-a FP1-a baino pista hotzagoan burutu zen), edota Buttonen denbora Hamiltonena baino adierazgarriagoa dela pentsatzea (Button 0.5s motelagoa da). Suposizio honek RedBull lehiakor mantendu dela esan nahiko luke; edozein kasutan, ez nuke une honetan beraien alde apustu egingo.