GARA > Idatzia > Kultura

Udate

«Happy British»

Haizea BARCENILLA | Arte komisarioa

Londreseko Olinpiar Jokoak hasi dira. Harrotasun nazionalaren festa handia, kirolean irudikatua. Eta horren adibide izaten da hasierako ikuskizuna, arkitekturarekin batera (beste zutabe baterako gaia agian) lurralde anfitrioiaren maila eta garrantzia adierazteko pentsatua. Bitxia da orain arte legea zela: aurrekoek baino ikusgarriagoa, eta aurrekoek baino garestiagoa. Erakuts dezagun lurralde aberatsa garela. Orain, aldiz, binomioaren atal bat aldatu da: aurrekoek baino ikusgarriagoa, baina aurrekoek baino merkeagoa. Erakuts dezagun lurralde aberatsa baina zentzuzkoa garela.

Londresko ikuskizuna ikusita, hainbat gauzak deitu zidaten arreta: hasteko, ezinezkoa dirudiela horrelako gertaera baterako kitscha ez den zerbait antolatzea. Bestetik, eta hau urtero konprobatzen dut, gertakizuna izendatzeko adjektibo bakarra dagoela: ikusgarria. Espectacular. Ez da ederra izan behar, ez hunkigarria, ez gustu onekoa, ez polita, ez kontzeptuala, ez gogoetagarria: ikusgarria eta kito. Handia, zaila, garestia eta akatsik gabea.

Eta azken kasu honetan, Britainia Handiak bere burua irudikatzeko aukeratu duen irudia aipatu behar: hasteko, Shakespeare eta landa zabala; hau guztiz eraldatzeko, industria. Ondoren 60ko iraultza kulturala, gero musika eta telebista eta azkenean, Internet. Eta bi minutu beranduago, zerikusirik ez balu bezala, Britainia Handiko kolonia txikitu eta esplotatu guztiak desfilatzen. Kolonialismoa, elefante zuri. Noiz utziko dio historiak kontakizun faltsu, erromantiko, eder eta eurozentrista izateari? Londresen aurten, ez behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo