Udate
Iraganekoak gogoan, abian dira ekintza anitzeko Erromoko jaiak
Ekintza ugari antolatu dira: umeentzako jarduerak, musika eta kirol saioak, gastronomia... baina ahaztu gabe Branka kultur taldeari Auzitegi Nazional espainolak ezarri nahi dion zigorra, iaz, jai egitarauan bi presoen argazkiak erakusteagatik.
Jon ADAN | GETXO
Herriaren Eguna ospatuaz batera hasi ziren atzo Erromoko jaiak. Getxoko Etorkinen Elkarteak, herri bazkaria antolatu zuen, eta 19.30ean goitibeheren kalejira famatua egin zuten. «Hamabost urte daramatzagu hau giten, lehen urteetan goitibehera txikiak egoten ziren, baina egun, karroza handiak eta ikusgarriak daude». Kepa Juaristi Erromoko Jai Batzordeko kidearen hitzak dira.
Horiek horrela, gaur, 19.30ean pregoia eta txupinazoa botako dute Santa Eugenia plazan, eta horren ardura Erromoko Kaskarriak izango du. «Fanfarre honek urte asko darama jaien prestakuntzan eta eurek piztuko dute suziria», azaldu du. Hala ere, Jai Batzordekoek adierazi dutenez, salaketa berezi bat egingo dute aurtengo pregoian.
Izan ere, iaz, Erromoko Branka kultur elkarteak jai-liburuxkan auzoko bi presoen aldeko publizitate-iragarkia argitaratu zuen. Hori dela eta, Auzitegi Nazionaleko epaileak urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen du bai Jai Batzordeko presidentearentzat bai kultur elkarteko presidentearentzat. «Egoera salatzeko, herritar guztiei txupinazora beltzez jantzita joateko deia egiten diegu», adierazi zuen Juaristik.
Arazoak alde batera utzita, 22.00etan Ibarruri plazan «Momentu Labur Bat» zinemaldiko film laburrak proiektatuko dituzte, eta txosnagunean, Itziarren Semeak eta The Bon Scott Band taldeen kontzertua izango da. Horren harira, Juaristik azaldu duenez, «txosnak, aurreko urtean bezalaxe, Santa Eugenia kaleko parkinean egongo dira; bost txosna izango dira aurten».
Biharkoa, Felix Arnaizen Eguna izango da. Hartara, 1969. urteko abuztuaren 2an, Erromoko jaietan, kuadrillak jaiak ospatzen ari zirela Udaltzaingoak tiroz hil zuen erromoarra omentzeko hainbat ekitaldi antolatu dira. Santa Eugenia plazatik abiatuta, 19.30ean, VII. Herri Krosa egingo dute, «jaietan ere kirolak bere tokia izan behar duela uste dugulako, ez da dena edatea eta parranda», azaldu du.
Ordubete beranduago, txosnagunean, bertso saioa izango da, Igor Elortza, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta Peru Vidal bertsolariekin.
Ostirala, Kuadrillen Eguna izango da, eta Juaristiren hitzetan nabarmentzekoa da 17.00etan hasiko den XLV. Poteo Rallya, «kuadrillak tabernaz taberna joaten dira tragoak edaten eta taberna bakoitzean proba bat egitea suertatzen zaie». Bestalde, Ibarruri plazan, 20.00etan herri kirolen erakustaldia egingo da, eta 22.00etan, kuadrillek Playbacka izango dute Santa Eugenia plazan. Eguna bukatzeko, erromeria izango da txosnagunean, 23.00etan, Honat Erromoko musikariekin.
Umeen Eguna eta tortillak
Larunbata Umeen Eguna izango da, eta hamaika ekitaldi antolatu dituzte, bestela ere jai egun guztietan zabalik egongo den txikigunean: marrazki lehiaketak, tailerrak eta abar. Horrez gain, 21.30ean txosnagunean, XV. Ska Reggae jaialdia ospatuko da. Igandean, Tortilla Egunean, eguerdian antolatzen den tortilla txapelketa nabarmendu du Juaristik, «familiak, kuadrillak, eta inguruko jendea hurbiltzen da urtero; pertsona ugari biltzen gara Artatza parkean». Jaiei bukaera emateko, Erromon zehar, «pobre de mi» partikularra abestuko dute 23.30ean.
Azkenik, bisitariei mezua bidali die Juaristik, «aurrean aipatutako egoera latzez aparte, Erromora datorrenak betikoa aurkituko du, herri kultura eta parranda itzela».
Udalaren aginduz, Cervantes plazan antolatzen zituzten ekimen guztiak, Dolores Ibarruri plaza berrian egingo dira aurten. «Jendea kontra dago, erdigunetik kanpoaldera mugitzera behartzen gaituelako Udalak», salatu du Kepa Juaristik, Erromoko Jai Batzordeko kideak.