Udate
Landetxeen magia ez da sekula itzaliko
Une gogorrak dira turismoarentzat, baina horrek ez du esan nahi jendeak oporraldiak alde batera utzi dituenik. Bezeroak erakartze aldera, xarmaz betetako eskaintza bereziak dituzte gure inguruko nekazaritza turismo arloko etxeek.
Nagore Belastegi
Altxorrik politena oroimenean gordetzen ditugun uneak direla esango dute askok, bizipenak. Izan ere, garunean badugu hormona bat une txarrak ahazten laguntzen diguna eta beste bat ondo pasatzen ari garenean sortzen duguna. Azken honek, endorfinak, menpekotasuna sortzen du, eta horregatik gizakia etengabe aritzen da hormona hori sortuko dion estimuluaren bila. Izan daiteke gustuko dugun izozki bat jatea, lagunekin barre-algaraka jardutea edo goizaldean eguzkiaren berotasuna gorputzean sentitzea, baina den-denak oroimenean gordeko ditugu, bizipen polit gisa.
Krisi garai honetan ere diruak baino gehiago balio dute bizipen horiek, eta horregatik, agian, jendea bizipen horien bila ateratzen da kalera egunero, zerbait ikasteko nahiarekin, maite dituzten pertsonekin egun batzuk lasai pasatzeko asmoz. Milaka aukera etortzen zaizkigu burura, segur aski, baina oraingo honetan Euskal Herriko landetxeek eskaintzen digutena aipatuko dugu.
Garai zailek egonaldien iraupena laburtu egin dutela jakinarazi digute Nekatur nekazaritza turismoko bulegoko arduradunek, baina egonaldi kopuruak ez du behera egin. Jendeak, egun gutxi badira ere, etxetik atera beharra du, errutinatik irteteko eta bizipenak sortzeko. Honen aurrean, landetxeetako arduradunek bezeroak erakartzeko ekintzak jarri dituzte martxan, berez bizipen politak sortzeko gai badira ere, oporretatik bueltan eramango dituzten oroitzapenak are politagoak izateko.
Izan ere, landa turismoa ez da gune polit eta lasai batean egun batzuk igarotzeko aukerara mugatzen. Egun askok eta askok, euren inguruan dagoenaz baliatuz, bisitariei parte hartzeko bideak eskaintzen dizkiete. Hala, Aizarnazabalen dagoen Sarasola-Zahar etxean baratzeko produktuak jaso eta horiekin euskal sukaldaritzako plater tipikoak presta ditzakete bezeroek. Inguruko herrietako merkatuetara ere egiten dute bisita, Ana Mujika arduradunak lagunduta. Gainera, iraila eta urria artean sagastietako uzta jasotzera ere joan daitezke. «Oso ekintza dibertigarria da eta, gainera, bezeroek bost kilo sagar eraman ditzakete etxera», azaldu digu Mujikak.
Arduraduna, gainera kiromasajista da ogibidez, eta goi-denboralditik kanpo masajeak ematen dizkio eskatzen duen orori, ostatuko zerbitzu berezi bezala. Landetxeak eskaintzen dituen esperientziak, ordea, ez dira nahikoa gela guztiak betetzeko. Izan ere, Sarasola-Zaharren uztailean %40 jaitsi da okupazioa, eta abuztuan %10.
Jose Luis Casado Alonsotegin dagoen Ordaola nekazaritza turismo etxeko arduraduna da. Honek ere Mujikaren hitzak azpimarratu dizkigu, esperientzia politak eskaintzen badituzte ere bezeroak ez omen direlako gehiegi animatzen. Txoko gastronomiko bat ere badute etxean. Normalean inguruan bizi direnek erabiltzen dute ospakizun egunetan. Ordaolara joaten diren bezero gehienak Estatu espainoleko bikoteak dira, baina noizean behin kirol ekitaldietan parte hartzera joaten diren talde batzuek ere egiten dute egonaldia. «Pixkanaka egiten dituzte erreserbak eta gehienetan eskaintzak bilatzen dituzte», kontatu digu Casadok.
296 ostatu daude Nekatur sarean, eta horiek, krisiaren eraginez, eskaintza bereziak egitera behartuta ikusi dute euren burua. Horrela bisitari kopurua handitzea lortu dute baina errentagarritasuna murriztu da, Idoia Ezkurdia Nekaturreko arduradun teknikoaren arabera. Eskaintzen diren aukera berezien artean NekaBonoak daude. Horiek beste pertsona bati oparitzeko aukera dago, berak erabaki dezan noiz eta nora joan nahi duen. Bono horien truke eskaintzen dena ostatu bakoitzaren esku dago.
Jabea eta maizterra
Nekazaritza etxeak hotel moduan ikusten ditugu maiz, hori baino gehiago direla ahaztuta. Normalean etxeko nagusiak beste toki batean bizi dira, baina batzuetan bezeroekin batera bizi dira eta ostatu arrunt batek eskaintzen dituen zerbitzuez gain, harreman zuzena ere eskaintzen dute. Horietako bat da Zeraingo Oiharte landetxea.
Maria Luisa Urrestarazu da bertako etxekoandrea eta, kontatu digunez, Oiharte baserria betidanik izan da bi etxebizitzakoa. Alde batean bezeroentzako turismo-etxea dago, eta bestean, familiaren etxea. Urrestarazuren semea, emaztea eta bi seme-alabak bizi dira hor.
2004an otu zitzaien nekazaritza turismoa egitea, orduantxe eskuratu baitzuten baserria. «Oso egoera txarrean zegoen. Familia bakar batentzat handiegia zenez eta konpontzeak kostu handia zuenez, gure lanaren osagarri gisa ondo ikusi genuen, diru iturritxo bat izango zelako, eta etxea konponduko genuelako», dio Urrestarazuk. Honela hasi ziren ostatua kudeatzen eta orain arte esperientzia onak baino ez dituzte izan.
Udazken, udaberri eta neguan izaten dituzten bisitari gehienak euskal herritarrak badira ere, udan katalan eta madrildar ugari joaten zaie. Horiek, Zeraingo paraje ederrak ezagutzen ez dituztenez, «txundituta gelditzen dira». Ostatutik meategiak, kartzela zaharra eta Gazta eta Sagardoaren Mendia museoa ikustera joateko gomendatzen diete.
Urrestarazuren iritziz, elkarbizitza oso ona da, batik bat etxea gelaka alokatzen dutenean eta egonaldiak bi egunetik gorakoak direnean, bezeroekin sortzen den harremana estuagoa delako. Etxera iristen direnean harrera egiten diete eta, nahi izanez gero, etxeko familiarekin gosaltzeko aukera ematen diete (nahi ez duenak sukaldea alokatu dezake). Sagardotegi bat ere badute baserrian, eta bertan bisita gidatuak egiten dituzte, baita bazkariak zein afariak prestatu ere.
Horrelako esperientziak etxetik hain gertu bizitzeko aukera izanik, oroitzapenak elikatzen jarraitu beharko genuke. Egun bat edo bi besterik ez badira ere, gure buruari atseden bat eman eta betiko gorde ditzakegun une politak sortzen dituzten landetxeak bertan izango ditugu beti, garai latzei iseka eginez.