GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Lohitzune Txarola Gurrutxaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

Aietetik bakerantz, Hegoafrikatik Euskal Herrirantz

Euskal Herriak merezi duelako eta euskal herritarron eskaera bat delako, espainiar eta frantziar estatuek pausoak eman behar dituzte Aieteko Adierazpenak aurrera egin dezan

Iazko urriaren 20ko 18.00etan etxean nengoen norbaitek deitu eta telebista jartzeko esan zidanean. Han zegoen aste osoan itxaron genuen berria; ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzen zuela jakinarazi zuen.

Aste historikoa izan zen Euskal Herriarentzat; izan ere, hiru egun lehenago, urriaren 17an, Aieteko Konferentziako parte hartzaileek bost puntuko adierazpena adostu zuten, bertako lehenengo puntuak ETAri jarduera armatua amaitzeko eskatzen ziolarik. Astegun horietan puntu hori betetzear zegoelako zurrumurruak zabaldu ziren nonahi, eta guztion pozerako, zurrumurrua egia bilakatu zen ostegun horretan bertan, 2011ko urriaren 20an.

Ordutik bederatzi hilabete pasa dira eta lehenengo puntu horretan geratu gara, ez aurrera eta ez atzera. Bigarren puntuak zera dio literalki: «Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko». Estatu espainiarrari eta frantsesari zuzenean egiten die dei Aieteko Adierazpenak, baina hauek gor-mutu bihurtu omen dira eta Euskal Herriak bizi duen gatazka amaitzen saiatu beharrean, oztopoak besterik ez dituzte jartzen.

Bien bitartean sinetsarazi nahi digute Euskal Herriak sufritzen duen gatazka bakarra ETA bera dela. Herri honetan urteetan zehar ETA aitzakia gisa erabiliaz edozerk balio izan du: GAL, Triple A, BVE, polizia indarren torturak edo hilketak... Baita euskal herritarron eskubideetan sinetsi eta hauek defendatzearen ondorioz, edo beste era batera esanda, pentsaera ezberdina izate hutsagatik jendea kartzelatzea ere.

18/98 makroprozesua, Batasuna, Jarrai-Haika-Segi, «Egunkaria», Udalbiltza, Bateragune... hainbat prozesu egon dira euskal herritarren aurka, oraindik asko indarrean dirautenak, egozten den delitu bakarra ezberdin pentsatzea izanik; Euskal Herri aske baten aldeko pentsaera, hain zuzen.

Prozesu injustu eta justifikaezin horien erruz, hainbat pertsonak espetxean jarraitzen dute, Estatu espainiarraren kartzela neurrien gogortzeak jasanez, berriro diot, Euskal Herriak independente izateko eskubidea baduela eta nahi dutela adierazteagatik soilik.

Txikia nintzela, Kortatu taldearen disko bat oparitu zidaten. Bertan Desmond Tuturen abestia azaltzen zen: «Y es de verdad, pero no sé que pasa por la República Sudafricana. Nelson Mandela está entre rejas, y han concedido el Nobel de la Paz a Desmond Tutu». Amari galdetu nion Nelson Mandela nor zen, eta esan zidanean Hegoafrikan beltzen aldeko eskubideak defendatzeagatik kartzelan zegoela ezin nuen sinetsi. Horrelako gauzak urrun bakarrik gerta daitezkeela pentsatu nuen orduan, hamar urteko nire inozentzian. Baina 2012. urtean Euskal Herrian, nire aberrian, gauza bera gertatzen ari dela ikusten dut, eta hainbat politikari, politika egiteagatik eta politika egiteko beste modu bat bilatzeagatik, espetxeratuak, espainiar Estatua deitzen den «demokrazia» bati pentsatzen dutena gustatzen ez zaiolako.

Venezuelan, Radio Caracas eta beste hainbat hedabide itxi zituztenean, eskandalua piztu zen munduan zehar, baina espainiar Estatuak inpunitate osoz itxi zituen «Egin» eta «Egunkaria» komunikabideak, beren zuzendaritza auzipetuz. «Egin»-en kasuan, gainera, gatibu diraute, Euskal Herritik kilometro askotara, besteren artean, zuzendariak eta zuzendariordeak.

Hasieran esan dudan bezala, Aieteko Adierazpenaren lehenengo puntua bete da, eta orain Euskal Herriak gogoz itxaroten du hurrengo puntuak ere betetzea. Herritarrak gutxika-gutxika mugitzen ari gara hirugarren eta laugarren puntuak bete daitezen, eta Harremanetarako Nazioarteko Taldea ari da bosgarren puntua bete nahian, baina hor jarraitzen du bigarren puntuak, geldi-geldi.

Euskal Herriak merezi duelako eta euskal herritarron eskaera bat delako, espainiar eta frantziar estatuek pausoak eman behar dituzke Aieteko Adierazpenak aurrera egin dezan, eta Euskal Herrian benetako bake prozesua abia dadin. Oso erraza da teorian; demokrazia aplikatzen hasi, egindako minaz jabetu eta aitortu eta egunkarietan idazteagatik, politika egiteagatik, euskal kultura defendatzeagatik, bakearen alde indar egiteagatik kartzelan dirauten guztiak aske uztea litzateke lehenengo pauso bat; herritarrak horren zain gaudelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo