GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Abesbatzaren txupinazoarekin eta plaza berrian hasi dira Berako sanestebanak

Berako Abesbatzak 25 urte bete ditu eta berak izan zuen atzo bestetako txupinazoa botatzeko ohorea. Kantari egin zuen, gainera, berritutako Herriko Etxeko Plazan, beratar guztiak, zahar eta gazteak, aitzinean zituela. «Gora San Esteban!» indarrez oihukatu, zapi gorria lotu, eta bost eguneko musika, dantza eta irrizko zurrunbiloan sartu ziren bete-betean. Ikara txiki bat izan zen, azken-aitzineko suziria balkoian lehertu baitzen. Baina, zorionez, ez zen deus gertatu.

p061_f02.jpg

Maider IANTZI | BERA

Berako plaza leporaino bete zen San Esteban bestei hasiera indartsua emateko. Anitz zuriz jantzita zeuden, zapi gorria eskumuturrean, bolandera bota bezain azkar lepoan jartzeko. Suziriak ere parrandarako irrikatzen zeuden; batek hainbertzeko gogoa zuen, non ez zuen zerura goititu arte itxaron lehertzeko. Balkoian bertan egin zuen eztanda eta burrunba ikaragarria aditu zen. Ikara soilik izan zen, ordea, ez zen deus handiagorik gertatu. Udaletxean ikurrina, Nafarroako eta herriko banderak eta Herrira ekimeneko pankarta zeuden jarrita; jende artean ere euskal presoak ekartzeko eskatzeko banderola ugari zegoen. Goxokiak banatzen zituzten umeentzat; xanpaina, helduentzat -hau norberak ekarria-, eta kankailuak gelditu gabe dantzatzen ziren Incansables txarangaren eta Ezpelur gaiteroen erritmora.

Abesbatzak mende laurdena betetzen du aurten eta opari modura, txupinazoa bota zuen. «1987ko udaberria: sorrera, ilusio handia, gure etorkizuna izanen zen jakin gabe. Hortik sortu zen gaur egungo abesbatza, 34 pertsonak osatua, abesten eta herrian zein kanpoan emanaldiak eskaintzen jarraitzeko asmoa duena»; hala oroitzen du Josemari Telletxea lehendakariak «Berako Oihua» bestetako argitalpenean. Bostehun ekitaldi baino gehiago egin ditu urteotan abesbatzak -kontzertuak, mezak, kultur ekintzak...- eta horien artean gaur, San Esteban egunez, kantatuko duten Lorenzo Perosiren «Missa Secunda Pontificalis» meza nabarmentzen du Telletxeak.

Aurrenekoz, Arzallus eta Colina

Mezaren ondotik, Berako banderaren dantza dantzatuko dute, eta Gure Txokoa dantza taldeko kideek makil dantzak eta Bordon-dantzak eskainiko dituzte txistularien laguntzaz.

Eguerdian Herriko Plazan egiten den bertso saiora bertsolari berberak etorri izan dira urtetan -Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso-, baina gaur bikote berriak eginen du estreinaldia, Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak osatutakoak. Familian bazkaltzeko eguna da San Esteban eta gero, Gure Txokoako dantzariek dantzatuko duten aurreskua ikustera joanen da jendea. Bihar Gaztetxe Bazkaria izanen da Kaxernan, gauean Deskoderen eta bertze hainbat talderen kontzertuak... Eta, garrantzitsuena, etengabeko besta giroa.

GAZTEXTEBAN

Gaztetxeak bere kolore morea ematen dio bestari, jendeak parte hartzea bilatuz eta denetariko ekintzak antolatuz. Atzo, adibidez, gosaria, aurreskuak, bertsoak, txalaparta eta platano dantza egin zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo