GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Itzuli bat gipuzkoako erakusketetan barna, keixetatik Elena Asinsera

Udako plan polit bat izan daiteke erakusketaren bat bisitatzea; horretarako aukera ugari dugu Euskal Herrian. Hasteko, Gipuzkoako proposamen batzuk ekarri ditugu orriotara, dagoen eskaintza zabaletik aukeratutako bost adibide.

p056_f03.jpg

Maider IANTZI

Donostiako San Telmo museoan hasiko dugu ibilbidea, batzuetan konturatu ez arren inguratu egiten gaituzten pantailez gogoeta eginez, eta handik Altxerri galeriara joko dugu, Roscubas anaia bikiek tolestutako euskarrien gainean egindako marrazkiak osorik agertzea nola lortzen duten ikustera.

Zumaiara joanen gara gero, Keixetak Gernikako biktimei omenaldia egin baitie, eta hiriburura bueltan, Elena Asinsen bizi esperientzia eta Pilar Citoler bildumagilearen altxorra ezagutuko ditugu.

Pantaila globala

Jaio aitzinetik sartzen dira pantailak gure bizitzan, amari egindako ekografiekin. Eta gero, hazten goazen heinean, alde guztietan agertzen zaizkigu: zinemako pantaila handia dela, telebista, ordenagailuak, sakelako telefonoak, tabletak, zaintza pantailak... Gaur egun, denbora gehiago eskaintzen diogu pantaila baten aurrean egoteari, lanari, etxeari edo garraioei baino; hala diote «Pantaila globala» liburuaren egileek, Gilles Lipovetskyk eta Jean Serroyk. Lehen existitzen ez zen pantaila ezinbesteko elementu bilakatu zaigu mende bat baino gutxiagoan, lanean zein bizitzan. Eta, aditu hauen arabera, kultura berri bat sortu da.

Liburu honetan oinarrituta, pantailaren boterearen alderdi guztiak erakusteko asmoz, erakusketa bat prestatu dute Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroak (CCCB) eta San Telmo museoak. Irailaren 30era bitartean izanen da zabalik Donostian, eta handik Monterreyra eramanen dute. Komisarioek -liburuaren bi egileak eta Andres Hispano- parte hartzera gonbidatu nahi dute jendea, eta horretarako, erakusketa fisikoaz gain, etengabe osatzen ari den erakusketa birtual bat proposatu dute. Komisarioen diskurtsoaren kontrapuntua izanen liratekeen bideoak jasotzeko deialdia irekita dago pantallaglobal.cccb.org/es/exposicio web orrialdean. Irailaren 5era arte jasotako lan guztien artean lehiaketa bat eginen dute eta irabazleek Zinemaldirako sarrerak lortuko dituzte.

Roscubas anaiak, Altxerrin

Vicente eta Fernando Roscubas anaia bikiek ideia zaharrak berritu eta garatu dituzte Altxerri galeriako «40 urte geroago» erakusketan. Hala azaldu dute 80ko hamarkadaren hasieran egiten zuten lana: «Euskarrian egindako tolestura baten bidez irudiak estaltzen genituen. Irudiak (publizitatekoak) hamar metroko poliesterrezko paper biribilki batean margotzen genituen eta gero, tolestu egiten genituen akordeoi bat bezala; lortutako azal berriak 80 zentimetro neurtzen zituen, irudia erabat ezkutatuta gelditzen zen, tolesturen artean gordeta».

Duela bost urte obra hori berrikusten ari zirela, berriz tolesturekin lanean hastea erabaki zuten Palma de Mallorcan jaio baina umetatik Bilbon bizi diren anaiek. «Burutik pasatu zitzaigun lehenengo ideia gordetako irudia argitara ateratzea izan zen, baina azala tolestuta mantenduz». Akrilikoak margotuz egin zuten proba, baina emaitzak aurreko lanen hagitz antzekoak izan ziren. Orduan, teknologia digitala erabiltzea pentsatu zuten; berehala ohartu ziren mila aukera ematen zizkiela.

«Justu bidearen erdian gaude -diote-. Nahi genuena ikusten hasi gara: orain, azkenean, irudia osorik agertzea lortu dugu tolestutako euskarri batean. Horretarako, formula matematikoez baliatu gara».

Keixetaren omenaldia Gernikari

«Gernika. Zerrenda amaitu gabea», hasieran, omenaldia zen, baina erakusketarekin aitzinera egin ahala, bonbardaketan hildakoak ez zirela ofizialak ohartu zen artista eta, orduan, salaketa ere bihurtu zen bere lana. Keixetak Gernikako kanposantura jo zuen hildakoen plakak eta izenak ikusteko, baina ez zituen aurkitu. «Ehorzlearekin hizketan, aipatu zidan kanpoaldeko hobi komun batean daudela uste zuela. Isilpean, beldurrez bezala komentatu zidan, 75 urte geroago. Eta ni harritu egin nintzen. Muxikara bidali ninduen eta han ere ez nuen izenik topatu», kontatu du zumaiarrak.

Interneten ere bila ibili zen; alferrik. Berehala bururatu zitzaion izenburua, «Gernika. Zerrenda amaitu gabea». Biktima kopurua ere ez dago zehaztuta oraindik. Margolariak azaldu digunez, «Sustrai Erreak» liburuan garai hartako dokumentuen fotokopiak agertzen dira eta zerrenda bat ere bai, bizi direnen bidez osatzen hasi direna. Bertan, hildako pertsonak non lurperatu zituzten, zein adin zuten eta datu gehiago ere ematen dira.

Keixetaren lanek lotura zuzena dute gaiarekin. Espraiarekin, bonbardaketaren arduradunen izenak idatzi ditu goian; eta behean, lortu dituen hildakoen izenak. Grafitigileen teknikak erabili ditu: lehendabiziko izena idatzi eta gero zirriborratu egin du, ospitaleetako erregistroak eta heriotza-parteak ere suntsitu egin zituztelako bonbardaketaren erantzuleek.

Berarentzat ez da ohikoa, baina zehatza izan nahi izan du obra bakoitzak baduelako bere gaia. Batean, hagitz garbi agertzen da Gernika sutan, zuhaitza tente eta jendea alde egiten, collage moduan. Bertzean, hobi komunak dira protagonista.

Formatu handiko (2x2 neurriko) hamar koadro Zumaiako Alondegirako egin ditu espresuki. Hamaikagarrena, hamasei zatitan zatitu du eta zati bakoitza koadro bat da. Obretan Picassoren «Gernika»ko osagai batzuk sartu ditu.

Abuztuaren 12ra arte egonen da erakusketa Zumaian, eta artistaren nahia handik Otxandiora, Elgetara, Durangora, Bilbora eta bertze herri batzuetara eramatea da. Jendeari, batez ere adinekoari, bere lana iritsi zaiola sumatu du Keixetak. «Lehengo egunean emakume heldu bat sartu zen. Buelta bat eman zuen eta negarrez ari zen. Zoriondu egin ninduen eta ezin izan zuen ikusten segitu, gogorra egiten zitzaion. Gaurko obra da, baina jende zaharrari iritsi egin zaio», nabarmendu du.

Elena Asinsen bizi esperientzia

Bizi esperientzia; hitz horiekin definitzen du Elena Asinsek Koldo Mitxelenan irekitako «Topaketa berankorrak» erakusketa. 90eko hamarkadatik Azpirotzen bizi den artista honek 40 bat menhir jarri ditu zenbaki sekuentziatan eta aurpegietan mozketa ezberdinak eginda. Inguruan, serigrafiak, marrazkiak, bideo instalazioak eta zulo beltz bat daude, gogoetetan barneratu eta, Asinsek jendeari eskatzen dion bezala, «urrunago joateko». Bizi garen garai honetatik, joandako denborak interpretatzen ditu, artea luxuzko artikulua ez, baizik eta monumentu sakroa, memoriari egindako monumentua zen denborak.

Irailaren 22ra arte bisitatzen ahal den erakusketa honetan, denborak eta espazioak bat egiten dute eta bisitariak bere barrenera bidaiatzen du ikusi, sentitu eta pentsatuz. Asinsek 40 erakusketa baino gehiago egin ditu hainbat herrialdetan eta aitzindaria da artean egindako konputazio ikerketetan. 1967an hasi zen horretan lanean eta ikertzen jarraitzen du Azpirotzeko bere talaian.

Bildumagile baten altxorra

Kutxaren Kubo Aretoan, Pilar Citolerrek jasotako sorkuntzak ikusten ahal dira. Bildumagile baten erakusketa da «Artea bizitza bezala», emozioz, sentimenduz, arrazoiz, esanahiz eta oharrez betea.

Senari jarraituz, Zaragozako bildumagile independente eta autodidakta honek lan sorta aberatsa lortu du; horietan barna mila ibilbide plastiko, historiko, geografiko eta biografiko egiten ahal ditu bisitariak. Lokala eta globala nahasiz, izan zen mundua irakurriz, denaren isla ikusiz eta etorriko dena susmatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo