Euskal Herriko Kopa
Avironen eta Biarritzen maila neurtuko da Anoetan
Norgehiagoka 20.00etan hasiko da, baina festa bazkalostean abiatuko da eta goizaldera arte jarraituko du.
Jon LEUNDA
Biarritz eta Aviron aurrez aurre izango dira gaur, 20.00etatik aurrera Anoetako estadioan. Jokoan, berriz, Euskal Herriko Kopa izango dute, bietako inork irabazi ez duen lehiaketa, orain arte ez baita inoiz jokatu.
Festa izango da harmailetan eta handik kanpo, festa eguna antolatu baitute. Lapurdiko bi taldeentzat ez da izango parrandarako astirik, ordea. Bi aste falta dira Top 14a abian jartzeko, eta bietako inork ez du joan den urteko denboraldia errepikatu nahi. Gainera, bien arteko deman, inoiz ez da partida lasairik izaten, are gutxiago zerbait jokoan baldin badago.
Bi taldeek, gainera, berrikuntza ugari egin dituzte, eta ez da harritzekoa iaz izan zituzten larritasunak kontuan hartuta. Berquist (Leinster), Brew (Newport), Bren Boster (London Waps), Dubarry (Brive), Genevois (Toulon) eta Synaeghel (Akize), dira zuri-gorrien berrikuntzarik nabarmenenak. Joan direnen artean, azpimarragarrienak Carizza, Watremez edo Terrain izan dira.
Baionakoen artean, berriz, berrikuntzak aulkitik hasten dira, Deylaud eta Lanta iritsi baitira Agenetik zuri-urdinen bidea zuzentzeko asmoarekin. Horiekin batera, Ahotaeiloa (Agen), Arganese (Racing Metro), Gayraud (Perpinya), Lobovalavu (Toulon), Senekal (Agen) eta Spedding (Brive) iritsi dira. Joan direnen artean, nabarmenenak Audy eta Huget izan dira, Baicockorekin batera.
Gaur galduta ere ez da ezer gertatuko, baina irabazteak indar handia emango dio garaileari. Lehiaketa bat irabazita hastea beti izaten da oso baliagarria edozeinentzat, eta are gehiago aldamenekoa menderatuta.
Anoetaren kanpoaldean festa izango da. Horretarako zortzi taldek txosnak jarriko dituzte bazkalostean, eta han arituko da DJ Bull musika jartzen partidako ordua heldu arte. Ondoren, Xutik eta Danba taldeak arituko dira.
European Challenge
Aviron eta Gernika izango dira hastear dagoen denboraldi honetan Amlin European Challenge jokatuko duten euskal taldeak. Orain dela hilabete bat Heineken Koparen zozketa egin zen, eta han arituko da Biarritz. Atzo, bigarren lehiaketarena izan zen. Bizkaitarrak bigarren multzoan arituko dira Rovigo, Perpinya eta Worcetser taldeekin batera. Lapurtarrak, berriz, hirugarren multzoan arituko dira London Waps, Newport eta Mogliano taldeekin. Urrian abiatuko da lehiaketa.