GARA > Idatzia > Kirolak

Euskal Selekzioaren eguna

Bidaxunetik datorren mendi martxarekin bat egin, eta Donostiako Konstituzio plazan ospatuko dute jaia

J.L.

Euskal Selekzioaren Eguna ospatuko da larunbatean Donostian. Hamalaugarren aldia izango da aurtengoa. Etzi eguerdian Konstituzio plazan egingo dira ekintzak, hara iritsiko baitira Bidaxunetik mendi martxan datozenak.

«Honek ez dauka lehen aldiz egin genuenarekin zerikusirik. Gaur egun horrelako muntaketa bat egitea ezinezkoa da, eta zerbait xumea egin nahi izan dugu», esan zuen Martxel Toledo ESAITeko kideak.

Ekitaldiak 12.00etan hasiko dira, orduantxe helduko baitira mendi martxan aritu diren lagunak. Ordu horretarako hitzaldiak daude iragarrita, eta han izango dira Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea eta Itziar Arratibel ESAITeko presidentea. Ondoren, umeentzako jokoak izango dira, musikariek lagunduta, eta hori amaitutakoan, 14.00 inguruan, bazkaria izango da. «100 lagun inguru izango gara bazkaltzen, eta horrekin emango diogu aurtengo festari amaiera. Giro herrikoia eta xumea antolatu nahi izan dugu», esan zuen Martxel Toledok. «Lehen kontzertuak eta beste hainbat partida ere antolatzen genituen, baina orain ezinezkoa ikusten dugu. Bai jende aldetik, baita diru aldetik, asko behar da, eta hori ez da posible», gaineratu zuen.

Hamalau urte

Hamalau urte joan dira Euskal Selekzioaren Eguna ospatzen hasi zenetik. Oiartzunen egin zen lehen ekinaldi hura, eta handik aurrera urtero-urtero antolatu dute, eta Euskal Herriko herrialde ezberdinetan egin izan dute. Mendi martxa, berriz, aurtengoarekin hamabi aldiz egin dute. Hor ere Euskal Herriko lurralde ezberdinak zeharkatzen dituzte. Aurtengoan, biek bat egin dute, eta batera ospatuko dituzte baten amaiera eta bestearen jaia.

Beraz, Donostian ekitaldi ugari izango da asteburu honetan. Gaur, errugbi partida, Euskal Herria Kirolak antolatuta, eta horrekin batera beste hamaika ekintza. Bihar, berriz, Euskal Selekzioaren Eguna. Ekitaldiak soilik ez dira, biak aldarrikapen jaiak ere bai baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo