GARA > Idatzia > Kultura

Udate | hiriz-hiri: brno

Kafea nahiz ardo zuria maite dutenentzat

Bihotza zauriturik eta abandonaturik zuenarentzako ihesbide goxoa eta mikatza izan zen Brno, beharbada enara errari batentzat duela ia lau urte. Txekiar Errepublikako Praga hiria zen ezaguna niretzat, eta orduan enara hark ez zekien non zegoen Brno hiria, eta mapan begiratu behar izan zuen.

p052_f01.jpg

p052_f02.jpg

p052_f03.jpg

p052_f04.jpg

Ainara MAIA

Nik orduan ezagutzen ez banuen ere, ezaguna da aspalditik Brno hiria bere autodromoagatik eta bertan urtero, abuzturo, antolatzen den munduko moto txapelketarengatik. Brno txekieraz eta Brünn alemanez, gaur egun txekieraz mintzo dira bertako 400.000 biztanle inguru, eta Europaren erdian dago, Europaren bihotzean taupaka egiten du Txekiar Errepublikako bigarren hiriak moravieraz.

Nabaria da bi hiriburuen arteko lehia; alde batetik, Txekiar Errepublikako mendebaldeko Bohemia eskualdea, Praha/Prag hiriburu, eta Errepublikaren ekialdean Moravia eskualdea, Brno/Brünn hiriburu.

Pragatik Brnora bi ordu eta erdiko bidaia dago autobidez edo trenbidez, eta Bohemiako garagardoak bezain onak aurki daitezke Moravian ere, izan Starobrno, Kozel gisako sor markak, eta horretaz gain ardo zuriaren lurraldea duzu Moravia. Brno hirian eta eskualdearen hegoaldean mahastiak eta upategiak daude, eta bisita nahiz dasta daiteke, hala nola Mikulov hiriko ardo zuri gozoa.

Garagardotegiak eta ardandegiak nonahi daude Brnoko karriketan, baita kafetegi andana ere, inperioko garai haien Vienako tradizioari segika oraindik. Izan ere, Lehen Mundu Gerraren aurretik Viena txikia deitzen baitzioten Brno/Brünn hiriari gertutasunagatik. Viena Austriako hiriburua autobidez bi ordura dago hegoaldera, Hego-Moravako mahastietan barrena, eta merezi du geldialdi bat egitea Viena Txiki honetan bertako karriketan galdu eta alde zaharrean murgiltzeko.

Historiaren aztarna ugari daude krokodiloa ikurtzat duen Brnon, eta bertako garagardotegi ezagun batean Iñaki Zubeldia eta Laura Mintegi idazleek egin zuten gisa berean, dasta dezakezue Brnoko herensugea -Brnenské Drak-, otordua garagardoaz lagundurik. Brnoko hiri-bihotzetik goiti XIII. mendeko Brnoko San Pedro eta San Pablo katedral gotikoa dago, eta Brnoko muino edo mendixka baten gainean Spilberk deituriko gaztelua eta gotorlekua daude, eta bertan museo bat ere badago, hango historia luzea azaltzen duena.

Brno hiria ikasle-hiria da, unibertsitate bat baino gehiago baitago, hala nola Mendel unibertsitate zientifikoa eta Masaryk unibertsitate entzutetsua, eta urte osoan zehar eskaintza kultural zabala eta giro gaztea aurki daiteke. Brnoko Philarmonikoaren hirian museo eta antzoki asko dago, hala nola Villa Tugendhat, izen bereko arkitektoak pasa den mendeko 40ko hamarkadan eraikitako etxebizitza funtzionala, Bauhaus eskolakoa.

Maiatz-ekainean, berriz, Ignis Brunensis su artifizial jaialdia ospatzen da «Brno- Mesto uprostred Evropy» (Brno, Europaren erdian) izenburupean, eta udaberriko giro epela eta alaia arnas daiteke karriketan eta jendartean. Udako giroarekin batera, uda partean egokia da Brno ingurua bizikletaz ibiltzeko, neguko tranbien desirak eta ametsak errealitate egiten saiatzeko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo