GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Pello reparaz, musikaria

«Motxila hartu eta herrialde bat patxadaz ezagutzea dut gustoko»

Taldez talde ibili zen jotzen Pello Reparaz nafarra, 2008an bere proiektu propioa sortu zuen arte: Vendetta. Ordutik, talde horrek sekulako garapena izan du. «Begitara begira» kantarekin egin zen famatu eta orain bere garairik gozoena bizitzen ari da. Uda honetan taldeak ez du atsedenik izango.

p053_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Oporretan zegoen Pello Reparaz ondoko galderak erantzun zituenean, baina aitortu zuenez, Vendetta taldeak urte amaieran kaleratuko duen disko berriari azken ukituak ematen ari da.

«Buonasera» abesten duzue orain. Nafarroatik mundura salto egiteko intentzioa al da?

Intentziotzat baino, helburu argitzat izan dugu beti proiektu hau ahalik eta urrunen bultzatzea. Euskal Herria dugu etxe eta ikur, baina ezinbestekoa da baikortasun eta itxaropen mezu hau munduko lurralde guztietara bidaltzen saiatzea.

Aukeratu ahalko bazenu, munduko zein tokitan eskainiko zenuke kontzertua?

Ikaragarria izan da orain arte Sahara, Alemania, Suitza eta horrelakoetan jotzea. Baina epe motzeko helburu argi bat dugu: Hego Amerika. Gero eta mezu gehiago heltzen dira Vendettaren sare sozialetara Argentina, Txile, Mexiko eta Kolonbia bezalako herrialdeetatik. Benetako gogoa dut behingoz hara joateko aukera sendo bat suertatzeko.

Zein da kuttunen duzun tokia?

Aurten izan naiz bertan. Lanaren eta militantziaren arteko fusio bidaia batean murgildurik hartu genuen hegazkina Madrilen. Hango hutsuneak bete nahian eta bertako bihotzak alaitu nahian, gu izan ginen bete-bete itzuli ginenak. Bizitza osoan gehien markatu nauen bidaia izan da. Beraz, jendeagatik, egoera, identitate sentimendu sakon, abertzaletasun balio natural, herriaren ilusio eta itxaropenagatik: Sahara.

Eta zein leku ez zenuke inolaz ere gomendatuko?

Herrialde orori atera dakioke probetxu, baina aukeratzekotan ez nuke berriro neguan Suediara joko. Unibertsitate garaian ohikoa da lagunak Europan zehar izatea «Orgasmus» bezalako bekei esker. Vendettarekin jai aste pare bat genuenez, bertara joan ginen Lesakako lagun bati bisitan. 15 minuturo tabernetara sartu behar ginen ez baikenituen behatzak sentitzen.

Zer bidaia mota duzu gogoko?

Ezer egin gabe erlaxatzea ederki datorkidan arren, motxila hartu eta patxadaz herrialde bat ezagutzea dut gustuko. Ahaztezinak zaizkit bidaiaz bidaia Italian pasatako hiru hilabeteak. Horrelakoez gain ere, bidaiatzearen garrantzia hanpatu nahiko nuke tarte honetan. Jende, kultura, hizkuntza eta ikuspegi ezberdinak ezagutzeak pertsona bezala asko handitzen laguntzen dizu. Ez da gauza bera kontatzen dutena zeurea egitea, eta hara joan eta zeurea sortzea.

Emanaldi baten eta bestearen artean ba al duzu erlaxatzeko tarterik?

Menorcatik erantzuten ari natzaizu, beraz ez dut kexatzerik! (irriak) Astebeteko hau da uda osoko opor tarterik luzeena eta ez dut aukerarik galdu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo