GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Berangoko jaiak

Santo Domingo egunaren ostean, Berangoko jaiak bukatzeko, Bakailao Eguna

Hamaika ekintza izan zituzten atzo Berangon, Santo Domingo egunean, jaien egun nagusian. Goizean, poteoa eta kale animazioa izan ziren nagusi. Arratsaldean, berriz, animalia erakustaldiak eta sagardo-festa trikitilari eta bertsolariekin. Gauean kontzertuek girotu zituzten Berangoko kaleak. Gaur, bestalde, Bakailao Eguna ospatzeaz batera, bukatuko dira Berangoko jaiak. Kazola Proba edota Aldeanito Txapelketa dira nabarmentzeko ekitaldiak.

p059_f02.jpg

Jon ADAN | BERANGO

Santo Domingo egun handia ospatu zen atzo Berangon, eta hamaika ekitaldi burutu ziren horren kontura, egunak merezi zuelako. Goizean, Berangora hurbildu zirenek herriko giro bikainaz gozatu ahal izan zuten. Lehenengo, pala txapelketako finalek eta, eguerdian, poteoak eta kale animazioak girotu zituzten Berangoko kaleak.

Arratsaldean, berriz, 19.00etan Sabino Arana kale nagusian idi probak eta zaldi ikuskizunak izan ziren eta hortik ordu erdira, sagardo festa egin zuten, trikitilari eta bertsolariekin. Gaua iritsita, 22.00etan, Sobiet eta The Karabans Berangoko musika taldeek, Kop talde kataluniarrarekin batera, aurtengo Berangoko egun handiari amaiera eman zioten.

Horiek horrela, atzoko egunak utzitako ajearekin, Bakailao Eguna ospatuko dute gaur, nonbait Berangoko jaiei datorren urtera arte zapore onez agur esateko.

Gaur, egun osoan zehar haur parkea izango da udaletxeko parkinean. Eguerdian bestalde, 13.00etan, Aldeanito Txapelketa ospatuko dute udaletxean. «Parte hartzaileak baserritarrez jantzita agertzen dira eta bi kategoria daude, txikiak eta helduak; desfile bat egiten da eta onenek saria jasotzen dute». Unai Ortuondoren hitzak dira, Kukullaga jai elkarteko kidearenak.

Gaurko programa

Ordu erdiren buruan, elizaldean Bakailao Txapelketa ospatuko da. Unai Ortuondoren esanetan, «herriko jende ugari eta kuadrillak biltzen gara; giro oso polita sortzen da. Iaz 50 kazola inguru aurkeztu ziren bakailao txapelketara, eta arratsaldean sari banaketa izaten da».

17.30ean eta Bakailo Txapelketaren ondoren, Erdizka Lauetan taldea izango da udaletxean. «Erromeria da eta, abestiak kantatzeaz gain, jendeari dantzak irakasten dizkiote», azaldu du Ortuondok.

Horiek horrela, eta bakailao txapelketaren sariak banatu ondoren, Santo Domingo jaien amaierako traka jaurtiko dute udaletxean bertan. «Hurrengo urtean, aurtengoak bezain jai onak lortzea espero dugu», amaitu du Unai Ortuondok.

KAZOLA PROBA

Gaurko Bakailo Txapelketa nabarmentzen da. «herriko jende ugari eta kuadrillak biltzen gara, joan den urtean 50 bat kazola aurkeztu ziren. Ondoren, onenek saria jasoko dute», esan du Unai Ortuondok.

ATZO, LEKU ALDAKETA

Herriko merkataritza bultzatzeko asmoz, aurreko urteetan elizaldean izaten ziren hainbat ekimen Sabino Arana kale nagusian egin zituzten atzo, poteoa, kale animazioa eta sagardo festa, adibidez.

Berangoko Kukullaga jai elkartea, eskerrak emanez

Jai parte hartzaileak eta euskaldunak antolatzea izan da Berangoko Kukullaga jai elkartearen helburua. «Iaz sortu zen Kukullaga jai elkartea eta oraindik ere herriko elkarte guztiak ez dira bertako partaide, ea hurrengo urtean horrela den», dio Alazne Fernandez Kukullagako kideak.

Azkenik, Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie jaien antolakuntzan aritu diren guztiei «krisi garai hauetan, aurrekontuetan murrizketa izan da, eta bai herriko dendariek bai tabernariek bai herritarrek izandako inplikazioa eskertu nahi genuke. Halaber, kontratatutako artistek kobratzeko orduan onartutako beherapenak ere eskertu ditugu», adierazi zuen Fernandezek. J.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo