Fukushimako hondamendi nuklearrak Hiroshimakoaren urteurrena markatu du
GARA | TOKIO
Hiroshimak duela 67 urte hiria txikitu zuen bonba atomikoak eragindako 140.000 biktimak oroitu zituen atzo, Fukushiman iaz izandako istripuaren ondorioz sortutako mugimendu antinuklearrak leku esanguratsua bete duen urteurrenean.
Goizean, 08.15ean, 50.000 pertsona inguru bildu ziren Hiroshimano Bakearen parkean, biktimak omentzeko minutu bateko isilunea eginez.
Ekitaldira 71 herrialdetako ordezkariak gerturatu ziren, tartean Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariak, baita potentzia atomiko diren beste hainbat herrialdetakoak ere, tartean Estatu frantsesa eta Britainia Handia. Guztien aurrean, Kazumi Matsui, Hiroshimako alkateak bakearen aldeko eta desarme atomikoaren aldeko deialdia egin zuen, ekitaldian irakurritako diskurtsoan.
Bonba atomikoak egindako triskantzatik bizirik atera ziren pertsona gehienak atomoaren edonolako erabileraren aurka daude. Toshiyuki Mimakik adierazi zuenez, «Fukushimako jendearekin lan egin» nahi dute, guztien ahotsak batuz, «energia nuklearrak biktima gehiago sor ez ditzan».
Nuklearren aurkako mugimendua gero eta indartsuagoa egiten ari da Japonian, batez ere, Toshihiko Noda lehen ministroak bi erreaktore nuklear berrabiarazteko erabakia hartu zuela plazaratu zuenetik.