Estatuak oldarkor konponbidearen kontra
Frantziako Poliziak Iñaki Imaz donostiarra atxilotu zuen atzo, Urruñan, antza, Polizia espainolarekin elkarlanean. Lekukoek nabarmendu zutenez, Imaz bere bikote eta haurrarekin zihoala, hiru autok bidea itxi zieten, eta pistola buruan jarrita, bere ibilgailutik atera eta atxilotu egin zuten. Hala, bortizkeria salagarria erabili du, beste behin ere, euskaldunen kontra bereziki oldarkor aritzen den Polizia frantsesak. Edonola ere, atzokoa bezalako atxiloketek agerian uzten duten oldarkortasun nabarmenena estatu espainolak eta frantsesak konponbide prozesuaren kontra mantentzen dutena da. Izan ere, bizitza erabat normala zeraman pertsona bat atxilotzea, modu horretan gainera, bakebiderantz inolako urratsik egin nahi ez izatearen adibide garbia da. Testuinguru honetan, gainera, bereziki arbuiagarria da Euskal Herriko herri batean atxilotutako euskal herritarra «bilatuenen zerrendan» zegoela edo antzeko memelokeriak esaten ibiltzea. Eta lotsagarria, gertatu bezala, handik ordu gutxira atxilotua libre geratzen denean.
Madrilek eta Parisek beren estrategia errepresiboari eusten diote herri honi eskaintzeko proposamen politiko demokratikorik ez daukatelako. Gauza nabarmena da hori. Baina horretaz jabetzea ez da nahikoa. Gurean halakorik berriro gerta ez dadin berandu baino lehen baliabideak asmatzea eta ezartzea ezinbestekoa da.