GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Agenda

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Agendazalea naizen aldetik, gustukoa dut egunkarietan begiratzea zein kultur ekitaldi eskaintzen diren han eta hemen. Gauza onak dira agendak, informazio zehatza (normalean) eskaintzeaz gain, kulturaren nondik norakoa begi kolpe batean ematen baitigute. Egunkarietan badira agenda hobeak eta eskasagoak, baina denetan informazio zehatza eskaintzen dutenak, begi kolpe batean jasotzekoa. Sailka izan ohi dira banatuak kultur proposamenak: antzerkia, musika, erakusketak, bertsolariak, haurrentzako ekitaldiak... Ekitaldi bakoitzak ondo zehaztuta ditu eguna, ordua eta lekua, eta, jakina, protagonistak identifikatuz. Baina ipuin-kontaketa saio batera joan nahi badut, non bilatu?

Kontalariok geure buruari galdetu beharko genioke zergatik ez dugun leku bat egunkarietako agendetan, eta dugunean, haurren sailean baino ez gara agertzen eta normalean izenik gabe, «ipuin kontalaria» soil eta triste batekin. Ikusgarritasuna aldarrikatzen dugu, gure ofizioa ezagutu dadin eta horretan indarrak jartzen ditugu, gutxi edo asko. Baina, agian, gutxi ohartzen gara egunkarietako leku xume horrekin. Ipuin kontalaritzak lortuko balu espazio hori okupatzea; lortuko balu kontalarien ikuskariak izendatzea, euren buruarekin batera, jakina; lortuko balu haur eta helduen ikuskarien arteko bereizketa agertzea; agendetan lortuko balu leku propioa, ikusgarritasunaren bidean urrats bat egingo zen. Kontalarion esku dago espazio txiki hori aintzat hartzea, existentzia umil hori aldarrikatzea, begi kolpe batez agendazalearen hautua izan dadin. Espazio txikia da egunkariko agenda, baina mundu baten erakusle.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo