Euroagindu eskaera tarteko atxilotu ostean, aske utzi dute Iñaki Imaz donostiarra
Atzo goizean, emaztearekin eta haurrarekin zihoala atzeman zuen Polizia frantsesak, Hendaian. Paueko fiskalak bere kontrako euroagindu eskaera jakinarazi ostean aske utzi zuen, gaur berriz aurkezteko aginduta.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Paueko Instrukzio Gorteko fiskalak Auzitegi Nazional espainolak bere aurka egindako euroagindu eskaera jakinarazi zion atzo arratsaldean Iñaki Imaz donostiarrari. Goizean, 11.45 aldera, haurdun den emaztearekin eta haurrarekin autoan zihoala atxilotu zuen Polizia frantsesak, Hendaian, bizitza erabat normala egiten duen herrian.
Hiru ibilgailu berearen atzean, aurrean eta parean ezarrita, geldiarazi zuten Imaz, eta pistola buruan jarrita atera zuten autotik. Emaztearekin hitz batzuk trukatzen utzi ostean, Baionako komisariara eraman zuten segidan. Handik ordu pare batera Paueko Auzitegira lekualdatu zuten, eta Madrilek ETArekin 2007ko martxoan kolaboratzeagatik erreklamatzen duela jakinarazi zioten bertan.
Alde egingo ez duelako berme aski aurkeztu ostean, fiskalak aske uztea deliberatu zuen, betiere kontrolpeko neurriekin. Gaur goizean aurkeztu beharko du berriro Auzitegian euroagindua aztertzeko, baina Madrilek dokumentazio osoa helarazi ez duenez, abokatuak audientzia atzeratzeko eskatuko du.
Atxiloketa hau -urte hasieratik Estatu frantsesean izandako hamabigarrena- salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsean Hendaian eta Donostiako Easo plazan.
Borondate eza
Ezker abertzaleak irmoki arbuiatu zuen Imazen atxiloketa, «gatazka politikoa era elkarrizketatu eta demokratikoan konpontzeko Estatu espainiarrak zein frantziarrak duten borondate ezaren azken adibidetzat» jota.
Euskal Herrian «bakea, demokrazia eta elkarrizketaren aldeko aldarrikapena gero eta nabarmenagoa denean», ezker abertzalearen esanetan, bi Estatuen «ahuldadearen sintoma» da «arrakastaz» jantzi duten atxiloketa berri hau.
ETAk jarduera armatua betiko uztea erabaki zuenetik urtea datorren honetan, bi Estatuek «ildo errepresiboari temati jarraitzen diote», gaineratu zuen. Agertoki politiko berria «ahalik eta gehien oztopatzea eta elkarrizketaren aldarria isilaraztea» bilatzen dutela irizten dio.
Euskal herritarren gehiengoaren eskaera aintzat hartu eta «ETArekin beraiei dagozkien arazo teknikoak konpondu» behar dutela adierazi zuen, eta konponbide elkarrizketatu eta demokratikoaren alde lanean jarraitzeko eta ahaleginak biderkatzeko prest azaldu zen.