ZERUA eta INFERNUA
«Olaturik gabeko tokien artean, New York hiria dut gustukoen»
Surfalaria
Aritz Aranburu Zarautzen jaio zen 1985eko abuztuaren 30ean. Surfaz bizi da eta surfak bizi du, eta horrek munduan zehar bidaiatzeko aukera eman dio. Kirolerako ez ezik, tokian tokiko kultura, jendea eta gastronomia ezagutzeko ere aprobetxatu ohi du.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Hegoafrikatik Mexikora bidean harrapatu dugu Aritz Aranburu. Bidaiatzea eguneroko ogi bihurtu zaio zarauztarrari eta gustura dabil batetik bestera olatuen atzetik.
Zein iruditzen zaizu udan egun batzuk pasatzeko tokirik aproposena?
Hegoafrika. Hau hego hemisferioan izanik, gure udan han negua da. Handik etorri berria naiz, eta beti bezala pozik, itzultzeko gogo handiarekin. Animaliak, paisaia ezin hobeak, jende jatorra...
Eta zein duzu surferako toki gustukoena?
Tahiti. Elkarrizketa hau amaitu ondoren, hegaldi bat erosteko prest nago Polinesia Frantsesa bisitatzeko. Bertan Teahupoo («bidearen amaiera» bertako hizkuntzan) olatua aurkitzen da. Munduko arriskutsuenetako bat da, bere tubo paregabeengatik. Desiratzen nago berriz ere bertan egoteko!
Surfaz gain, zer egin daiteke bertan?
Tahiti uhartea kulturaz oso aberatsa da: janari ezin hobea, bertako musika eta dantzak, itsasoko ur gardena... Denetarik egiteko toki ezin hobea da, pixka bat garestia izan arren.
Zer eraman behar da derrigorrez?
Krema asko, bainujantzi bat eta umore ona.
Nola irits gaitezke bertara, eta zer gomendatzen diguzu han?
Bidaiarik errazena, Bilbo-Paris-Los Angeles-Papeete da. Gogoratu munduko beste aldean daukagula, eta ez da bidaiarik motzena izango. Nire gomendioa, geldialdi txiki bat Los Angeles-en, bidaia luzea aprobetxatuz... Lo egiteko, ahaztu luxuzko hoteletara joatea, onena bertako familien etxeetan geratzea da. Askoz merkeagoa, eta kulturalki oso aberatsa. Jateko nire gomendioa: poisson cru (arrain gordina), bertako atuna (mahia) eta koko esnearekin egindako jakia.
Inoiz izan al zara oporretan olaturik ez dagoen lekuren batean?
Duela hiru bat aste Mozambiken egon nintzen eta ez genuen olaturik izan bertan... Baina berez surfa egiteko asmoz joan nintzen... jaja! Mozambike toki paregabea da. Asko gustatu zitzaidan olaturik ez egon arren. Halere, olaturik gabe munduko toki askotan egoteko zortea izan dut. New York hiria, dudarik gabe gustukoena dut.
Zein leku ez zenuke inola ere gomendatuko?
Maldiva uharteak politak dira, baina pixka bat mania hartu nien. Pixka bat aspergarria, abenturazalea izanez gero. Eguzkiari begira egotea gustatuz gero, toki paregabea.