Aizkora Arabako Irekia
Larretxeak eta Llanosek oso erraz lortu dute finalerako txartela, Juan eta Juanillo Rodriguez mendean hartuta
Jon LEUNDA
Larretxeak eta Llanosek lortu zuten atzo, Gasteizen, asteazkenean jokatuko den Arabako Irekiko finala jokatzeko txartela, finalerdian Juan eta Juanillo Rodriguez mendean hartuta. Aldaketa batekin hasi zen lehiaketa; izan ere, gaurko iragarrita zegoen finalerdia jokatu zen atzo, eta atzorako iragarrita zegoena, gaur jokatuko da.
Atzokoan eguraldi dotorea izan zuten zaleek, eta Foru plazako harmailek itxura bikaina izan zuten, plazako harmailak ia erabat bete baitziren.
Finalerdiak, ordea, ez zuen izan emozio handirik, eta hori, azkeneko proba segoviarrek irabazi bazuten ere. Hala ere, nafarrak eta arabarrak hiru minututik gorako abantaila atera zieten Gaztelako aizkolariei.
Urrezko Aizkorako lan berdintsua egin behar izan zuten, sei proba ezberdinekin, eta amaieran denetako denborak batu ziren, onena zeinek zuen jakiteko. Larretxeak eta Llanosek lanari gogor ekin zioten hasieratik, eta aldea ateratzeari ere bai. Segoviakoak ez daude sasoirik onenean, eta nabaritzen da.
Larretxeak ezarri zuen aldea, eta hori ere normala da, nafarra baitzen ari zirenen artean maila nagusian ari den aizkolari bakarra. Beraren gidaritzapean, Llanos ere ongi aritu zen, eta azkeneko probara aurretik sartu ziren, eta hor galtzeak ere ez zuen aparteko garrantzirik izan. Lan guztiak burutzeko 23 minutu eta 20 segundo behar izan zituzten irabazleek; eta Juan eta Juanillo Rodriguezek, berriz, 26 minutu eta 47 segundo beraienak amaitzeko.
Gaurko, beraz, bigarren finalerdia geratzen da, berez atzo jokatu behar zutena. Otaegi eta Kintana arituko dira alde batetik; eta bestetik, berriz, Zubiaga eta Jauregi, Arabako txapelduna eta bigarren sailkatua.
Orga-jokoa
Fernandez de Retanak irabazi zuen atzo jokatu zen orga-jokoko Arabako finala, bi itzuli eta erdi egin ostean. Saez de Castillo sailkatu zen bigarren.