GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Jaien zergatiaz

Txosnako ilaran egindako inkesta txiki baten ondorioek ez dizkidate susmoak berretsi. Herriko elkarteen finantziazioa, larrua jotzea eta drogatzea dira jaso ditudan erantzunik sendoenak

Gure herriko jaiak amaitu berri dira. Herri askotakoak hastear edo hasita, beste batzuetakoak aspaldi amaituta. Andra Mariaren eguna zehazten duen izar loken espektakulu argitsua sasoi ona da beti buruari buelta batzuk emateko. Argiak gure begien bidez ernatzen ei du pentsamendua. Farolei ihes egin, lantzar gainean etzan eta «zure distira dut maite, Anbotoko erregina, zeru guztien gainetik hegan su egina».

Jaia errituari lotuta ageri da gizakiaren historia hasieratik. Beti piztu dit arreta «jaia» eta «jaio» berbek duten antzekotasuna. Inoren jaiotza bere etxekoen pozgarri izan da gehienetan, oraindik ere bada, eta Erdi Aroan elizak Bizkaian izan zuen arazo handienetakoa ezkontzaren lekuan lehen umearen jaiotza ospatzeko ohitura zaharra izan ei zen. Beraz, badirudi talde-poza era antolatuan adieraztea dagoela jaiaren muinean. Soilik poz pertsonalak ospatuta ez dago komunitaterik. Kolektiboki adierazitako pozek askoz indartsuago kohesionatzen dute taldea edozein ideia, sinbolo, diskurtso edo pipa-jate ibiltarik baino. Poz pertsonala eta kolektiboa sinkronizatzeko hamaika ahalegin nabaritzen ditut gure arbasoen jai ereduan. Uztak, urtaroak, arrantza-kosterak, eguzki eta ilargiaren faseak, hildakoen oroitza... agertzen dira heredatu dugun jai egutegiaren bizkarrezurrean.

Ostera, gure gizarte balioetatik desagertu dira aurreko esaldiko hitz gehienak, guztiak ez esatearren. Lurretik eta itsasotik urrun egiten dugu bizimodua gehienok. Urtaroek, zoratu ez eze, gure etorkizun hurbileko proiektuetan zeukaten eragina galdu dute. Azken hondar modura eguzki lama eta elur-kirolen zaleak gelditzen zaizkigu. Ilargia non dagoen ere ez dakigu farolak piztu zirenetik. Eta gure arbaso, hildako zein edadetuen inguruan demagogia baino ez da existitzen, giza Garbiguneak asmatu ditugun sasoiotan.

Orduan, zer da gaur egun taldean eta era antolatuan adierazten dugun poz hori? Baliteke gure gizartean ez existitzea poz kolektiborik, guztiok ospa genezakeen ezer ere ez egotea. Udaberriaren hasiera ospatzeak arrakasta handia du hippyen artean, baina hain zuzen ere horregatik, beste askok ez du ospatzen.

Poz pertsonalen batuketa bat izan liteke. Baina txosnako ilarari itxaroten nion bitarteetan egindako inkesta txiki baten ondorioek ez didate susmoa berretsi. Jende asko kezkaturik dago, nora ez garaiak dira arlo pertsonalean ere, ezer ere ez da segurua bi hilabetetara, eta guri gauza solidoak eraikitzeak sortzen duen ziurtasuna lortzeko lan egiten irakatsi ziguten.

Herriko elkarteen finantziazioa, larrua jotzea eta drogatzea dira jaso ditudan erantzunik sendoenak. Lehenengoak justifika lezake jaien antolakuntza bera, baina ez luke euren izaera masiboa azalduko. Militantzia oso jende gutxik praktikatzen duen XX. mendeko kirola da. Bigarrenak arazo sozial izugarri baten aurrean jartzen gaitu, narrulekuak kolektiboki antolatzeak gure ezintasun pertsonala gordinegi adierazten du. Hirugarrenak, berriz, ez dauka sinesgarritasunik errealitate paraleloen bidaiarientzat. Droga bakoitzak bere giro, leku eta tempus ezberdina baitauzka.

Orduan, zertara doaz jaietara militatzen ez duten bikotedun ez drogazaleak? Hau da, ehuneko laurogeita hamarra?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo