GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Aska ditzagun gorputzak!

«Biluztasunaren ikuspegi positiboa» omen da nudismoa. Defendatzaileek, giza gorputzaren gaineko aurreiritzi zein lotsa guztiak alde batera utzi eta naturaltasun osoz, larrugorritan bakoitzaren askatasunaz gozatzea proposatzen dute. Hala ere, gai gatazkatsua izaten jarraitzen du eta legezkoa den arren, badago oraindik ere begi onez ikusten ez duenik.

p035_f01.jpg

Testua: Jonebati ZABALA
Argazkiak: Gaizka IROZ, Monika del Valle / ARGAZKI PRESS eta Philippe DESMANZES / AFP

Udan barneratu eta ohikoa izaten da nudismoaren gaia azaleratzea. Badirudi jada normalizatuz doala hondartzan gorputz biluziak ikustea, baina harago joanda, berdin erreakzionatuko genuke kaletik pertsona bat biluz-biluzik ikusiz gero? Nudismoa, berez, legezkoa da Estatu espainolean; hala ere, arazoak aurki ditzakegu kalean mundura etorri ginen bezala ibili nahi izanez gero.

Askok jarrera sexualarekin erlazionatzen du arroparik gabe joan nahia, exhibizionismo hutsa dela deritzo. Nudismoaren defendatzaileek, ordea, ez dute horrela ikusten. Arturo Rios Euskal Naturista Elkarteko kidearen iritziz, «biluztasunaren ikuspegi positiboa» baino ez da nudismoa, «hazkunde soziala eta pertsonala bultzatzen duena». 1998. urtean sortu zen Euskal Naturista Elkartea (ENE). Horren helburua, nudismoa sustatzea, nudistenganako errespetua bultzatzea eta jendeari legezkoa dela azaltzea da. Batez ere, lege testuetan eta jurisprudentzian oinarritzen dira nudismoa behar bezala defendatzeko.

Naturismoak eragin psikologiko onuragarria du haurrengan; ikerketa baten arabera, giro nudistetan hezitako umeek ez dute anorexia eta bulimiarik izaten, konforme egoten baitira euren buruarekin.

Nudismoak ez du pertsona profil zehatz bat hartzen; Riosen esanetan, elkartean denetariko bazkideak daude, «ez dago ideologia politiko bati lotuta». 30 urtetik gorako adin zein profil politiko, sozial askoko jendea aurki daiteke elkartean: mezatara egunero joaten den kristaua, ateoa, eskuindarra, ezkertiarra... Denetarik, beraz, «batzen gaituen gauza bat da, baina oso zabala da». Hala ere, gazte gutxi dagoela esan beharra dago, oraindik «lotsa eta besteek zer esango duten beldurra» dagoela dio elkarteko kideak. Badirudi, Estatu frantsesean hedatuago dagoela: «Orain dela gutxi oporretan egon naiz Itsas Alpeetan eta han askoz ere gazte nudista gehiago ikusten da».

Mendiko ibilaldiak ere antolatzen dituzte Euskal Herrian zehar, hala ere, hemen nudista izatea konplikatu samarra omen da, «eguraldi eskasa dela-eta, bertan behera utzi behar izan ditugu hainbat txango».

Nudismoa geure inguruan

Elkarte bateko kide izan gabe ere nudismoaz gozatzeko hainbat aukera ditugu gure inguruan. ENEk urte luzeetan egindako lanari esker, Artxandako igerilekuek ordutegi nudista dute astean behin, urriko laugarren larunbatetik, maiatzeko laugarren larunbatera arte. Igerilekuez gain bainuetxeak gustuko dituztenek, Arratiako bailaran kokatuta dagoen Areatzako bainuetxera joateko aukera dute, hilabeteko azken bi igandeetan ordutegi nudista izaten baitu.

Ildo beretik, Sopelan urtero egin izan dute lasterketa nudista, aurten egingo ez den arren. Patxi Ros Saria filosofia nudistaren eta bizimodu osasuntsuaren arteko lotura azpimarratzeko antolatu izan dute 2003. urtetik, Bizkaiko kostaldeko Barinatxe hondartzan, eta jada tradizio bihurtu da. Hala ere, lasterketa antolatzeko orduan elkarteko bazkideen parte hartze txikia zela-eta, ekimena bertan behera uztea erabaki du aurten ENEk; horrela, datorren urtean jendea mentalizatuago egongo dela uste dute, «pizgarri moduan» egin dute.

Izan ere, gisa honetako ekimen guztiek ez dute arrakasta berbera izaten, Arrigorriagako Easy Gym gimnasioaren kasua da horren adibide. Gimnasioan ordutegi nudista ezartzea erabaki zuten iaz, ENEren babesarekin. Internet bidez egin zuten galdeketa baten arabera, 600 pertsona inguruk aldeko erantzuna eman zioten ekimenari. Errealitatean oso bestelako erantzuna izan zuen, ordea. Irekiera egunean pertsona gutxi batzuk bertaratu baziren ere, handik aurrera ordutegi nudistak ez zuen bezerorik izan. Erantzun eskasa ikusita, zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuten.

Nudismoa «boladaka doa», Arturo Riosen aburuz. Beraren ustez, nudistentzat gero eta leku gehiago daude, pixkanaka konturatzen ari dira eskubide osoa dutela; eta hori dela-eta, leku gehiago eta nudista kopuru berbera egonda, okupazio dentsitatea murriztu egiten da. «Ea urte gutxiren buruan elkartea ez den beharrezkoa eta arazorik ez dagoelako desagertzen den. Gure helburua behar faltagatik desagertzea izango litzateke».

Kanpinean zein hotelean, biluzik

Euskal Herrian badira hainbat hondartza nudista, baina badaude beste hainbat aukera oporretan biluzik egoteaz gozatu nahi dutenentzat. Erandioko Geisha bidaia agentziak, esaterako, Europako lehen itsas bidaia nudista antolatu zuen 2004an. Arrakasta handia izan zuen arren, geroztik ez dute berriro horrelakorik egin.

Bidaia-agentziako langileek diotenez, mugimendu nudista gero eta nabariagoa den arren, jendeak ez du gustuko prentsan edo telebistan ateratzea, eta intimitate falta sumatu zuten itsas bidaian. Egun, eskari falta dela-eta, bidaia agentzia horrek ez du bidaia nudistarik antolatzen, nahi duen baten bat egoten den arren, gehiengoak bere kabuz antolatzen ditu halakoak, Internet bidez.

Euskal Herrian, bertoko eguraldia eta eskari murritza dela-eta, ez dago kanpin edo hotel nudistarik. Gertu aurki ditzakegu, baina, kanpin naturistak, familientzako giro atsegina duten Gironako Relax-Nat edota Cartagenako El Portus kanpinak, esaterako. Almeriako Vera herria da, bidaia agentzien arabera, arrakasta handiena duen lekua. Andaluziako kostaldeko klima beroak hainbat nudista erakartzen ditu bertara. Estatu espainoleko hotel naturista bakarra dago herrian eta baita Vera Natura, Europako urbanizazio nudista handienetakoa ere.

Gough, «biluzik doan txangozalea»

Askori ez zaie ezaguna egingo Stephen Goughen izena. Eskoziarraren kasuak ez du oihartzun handirik izan Britainia Handitik kanpo, jakin beharrekoa da, hala ere, istorio harrigarri zein gatazkatsua delako. Izan ere, Stephen Gough (edo «Biluzik doan txangozalea») kartzelatik sartu eta irten egon da azken sei urteetan, kalean zehar biluzik joanda «ordena publikoaren nahasmendua» eragiteagatik. Hampshirekoa da Gough eta 2003an egin zen ezaguna, Britainia Handia biluzik zeharkatu zuenean. Kornualleseko Land's End-etik Eskoziako John 0'Groatsera (Erresuma Batuko ipar eta hegoaldeko muturrek sortzen duten ardatza) guztira 1.400 kilometro egin zituen, soinean botak eta motxila besterik ez zituela. 2005. eta 2006. urteen artean berriro ekin zion bidaia berbera egiteari, eta hedabide ingelesek oihartzun handia eman zioten «biluzik zihoan txangozaleari» eta ibilaldiak ospea ekarri zion, baina baita kartzela zigorra ere. Auzitegiari men ez egiteagatik ere zigorra ezarri zioten, epailearen aurrean biluzik agertzeagatik. Ordutik sei urte daramatza kartzelara sartu eta irten. Uztailean askatu zuten azkenengoz, baina bere jaioterrirako bidea hartu zuenean polizia eskoziarrak berriro atxilotu zuen Gough, kalean zehar biluzik joateagatik.

Eskoziarrak ez du amore ematen eta janztea bere printzipioen kontra joatea litzatekeela dio. «Besteek gugandik espero duten bizitza bizitzen bukatu dezakegu edo gure egian bizi. Bizitza kontzientea eta inkontzientea bizitzearen ezberdintasuna. Eta hori da bizitzearen eta ez bizitzearen arteko aldea». J.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo