Aizkora | Euskal Herriko Bigarren Mailakoa
Irazuk txapela lortzeko hautagaitza aurkeztu du
Zizurkilgoarekin batera, Ander Erasun, Mikel Larrañaga, Oihan Larretxea, Ugaitz Mugertza eta Xabier Zaldua ere sailkatu ziren, irailaren 30ean Aizarnazabalago plazan jokatuko den finalean aritzeko.
Jon LEUNDA
Irazu, Erasun, Larrañaga, Oihan Larretxea, Mugertza II.a eta Zaldua sailkatu ziren atzo Azkoitian, irailaren 30ean Aizarnazabalen jokatuko den Euskal Herriko Bigarren Mailako Txapelketako finala jokatzeko. Azken saio horretan arituko diren sei aizkolarietatik lauk, 25 urtetik behera dituzte. Kañamares II.a geratu zen azken, baina ez dago erabakita maila galduko duen ala ez, eta Federazioak hartu beharko du erabakia, aurten baja batzuk izan baitira.
Beroa izan zen atzoko protagonista nagusia, eta ikusleek zein kirolariek sufritu zuten hori, azken horiek bereziki. Hala ere, ikusle asko batu zen Azkoitiko plaza nagusian. Lanean aritu zen aizkolari bakoitzak, hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen.
Hamaika aizkolari aritu ziren lanean, eta hiru txandatan banatu zituzten. Lehenengoan Mugertza III.a, Xabier Mindegia eta Kañamares II.a lehiatu ziren. Mutrikuarra izan zen txandako onena. Lehen enborretik aurrea hartu zuen, eta saio guztian zehar horrelaxe aritu zen. Amaieran zazpigarren denborarik onena izan zen berea, eta finala jokatzetik kanpo geratu behar izan zuen mutrikuarrak.
Bigarren posturako borroka handia izan zuten Xabier Mindegiak eta Kañamares II.ak, baina azkeneko enborrean Labaiengoak ihes egin zion. Beretzat izan zen txandako bigarren postua, eta Kañamares izan zen azkena, bai txandan, baita kanporaketa osoan ere.
Bigarren txandan Irazu, Lasa, Zaldua eta Olano I.a lehiatu ziren. Jon Irazu zizurkildarra jaun eta jabe izan zen. Lehen enborretik ihes egin zuen eta bakar-bakarrik egin zuen saio osoa. Berea izan zen kanporaketako denborarik onena. Atzetik, Lasa ongi hasi zen, baina ezin izan zion Zalduaren erritmoari jarraitu, eta Zumarragakoak lortu zuen bigarren postua; guztira, seigarren, finalerako txartela lortuz. Atzetik, Lasa eta Olano I.a sailkatu ziren. Biek ere beroarekin bapo sufritu zuten.
Atzo eguerdiko txandarik politena, dudarik gabe, azkenekoa izan zen. Horretan Erasun, Larrañaga, Oihan Larretxea eta Mugertza II.a neurtu ziren. Lau aizkolari gazte eta denak ere ikaragarrizko maila dutenak eta etorkizuna ere horrelakoa dutenak. Laurak sartu ziren finalerako, eta beraien arteko dema ere oso polita izan zen.
Erasun, Larretxea eta Larrañaga oso pareko ibili ziren. Oraintxe bat aurretik, hurrena, bestea eta azkena, Mugertza, baina hura ere oso gertu. Azkenean Erasunek irabazi zuen Larrañagaren, Oihan Larretxearen eta Mugertzaren aurretik.
Txapeldunen Liga
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa jokatu zen herenegun Gernikan, eta Unai Otañok irabazi egin zion Atutxari. Ibarrakoa sasoian dago, eta lehiaketa honetako finalean izateko urrats handia egin zuen, orain arteko saio guztiak irabazi egin baititu. Lehia gogorra izan zuen bizkaitarrarekin, baina amaieran garaipena Gipuzkoa aldera joan zen. Lanak bukatzeko 21 minutu eta 47 segundo behar izan zituen Otañok, eta 22 minutu eta 25 segundo, Atutxak.
Gazteek izango dute aurtengo finalean erabateko protagonismoa, eta kasu batzuetan oso gazteek ere bai, sei finalistetatik lau 25 urtetik beherakoak baitira.
Kañamares II.a izan zen azkena atzo jokatu zen kanporaketan, eta orain ikusi beharko da ze erabaki hartzen duen Federazioak, aurten bajaren bat edo beste ere izan baita.