Harri-jasotzea
Irigoien eta Izeta II.a buru direla jokatuko da Igeldo Harria txapelketa
J.L.
Aimar Irigoien eta Izeta II.a buru direla jokatuko da gaur, 19.30etik aurrera Donostian, Igeldoko Harria Txapelketa, Trinitate plazan.
Errezildarra eta aiarra izango dira garaipena lortzeko faborito nagusiak, baina ez dira bakarrik arituko, harri-jasotzaile askok eman baitute izena. Beraiekin batera, Eizmendi, Galarraga, Izeta III.a, Lopetegi, Telleria II.a, Telleria IV.a, Ugartemendia eta Urrutia neurtuko dira.
Igeldoko Harria oso berezia da. 134 kilo pisatzen ditu, eta baldar horietakoa da. Arrautza itxura du, eta zailtasun handiak sortzen dizkie kirolariei. Berez ez da astun horietakoa, baina bai jasotzeko zaila. Izeta II.ak argi eta garbi utzita dauka tamaina oso ongi hartzen diola harri horri, eta gaur ere ahaleginduko da garaipena eskuratzeko besteak atzean uzten.
Aimar Irigoieni asko kostatu zitzaion lehen aldiz parte hartu zuenean, baina badirudi berak ere tamaina hartua diola, eta bera tartean baldin bada, beti faboritoen artean agertzen da.
Gaurko kirolarien artean berriak ere agertzen dira, eta horietako bat Lopetegi da, orain arte ez baita plazetan, ofizialki, behintzat ikusi, eta zaleek nolakoa den ezagutzeko aukera izango dute.
Lokotx-biltzea
Laudion jokatuko da gaur 18.00etan Arabako Lokotx-biltze Txapelketa, bai mutiletan bai emakumezkoetan.
Neskek zein mutilek 50 lokotx ahalik eta azkarren batu beharko dituzte, bai behintzat, txapela jantzi nahi baldin badute. Itsaso Hernandez, Naiara Ferran eta Nikola Gulova izango dira nesken artean parte hartuko duten kirolariak. Azken hau Gasteizen bizi da, baina sortzez eslovakiarra da.
Ibañez, Uriarte, Alvarez de Eulate eta Alegria neurtuko dira mutiletan. Beroa iragarri dute gaurko, eta horrela egiten baldin badu, kirolariek nabarituko dute, kirol honetan gauzak oso azkar egin behar izaten baitira.