GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

CONSECUENCIAS DE LA POLÍTICA PENITENCIARIA

Vuelta eta Tourra ehun bider egiten dituzte astebururo senideek

p005_f01_199x092.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

PPk Iruñean duen egoitzaren aurrean, gaur Espainiako Vueltaren abiapuntu izango den Gaztelu plazatik gertu, euskal preso politikoen senideek astebururo Estatu frantses eta espainoleko espetxetara bisitan joateko 800.000 kilometro egin behar izaten dituztela salatu zuten. «Astebururo sakabanaketaren tropelak Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta batera halako ehun egiten ditu. 1.000, 1.500 eta 2.000 kilometroko etapak dira, banaka edo taldeka», azaldu zuen Herrira taldeko kide Sergio Labayenek.

Sakabanaketa salatzeko, «Presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin» leloa osatu zuten kamisetekin PPren egoitzaren aurrean. Bizikletak ere eraman zituzten, sakabanaketak senideak zorigaiztoko «Vuelta» egitera behartzen dituela irudikatzeko. Protesta egiten zuten bitartean, Vuelta ofizialean parte hartuko duten txirrindulariak entrenatzen ari ziren Karlos III. etorbidean, Quickstep taldekoak kasu.

«Hamarkadak daramatzate senideek bidaiak planifikatzen, urruneko errepideetan ibiltzen, ahal duten tokian jaten eta lo egiten. Kartzela berriak, tren-geltokiak, aireportuak...», gaineratu zuen Labayenek.

«Tropel honen ibilbidean 90tik gora helmuga daude: 90 espetxe, eta dozenaka ustekabe, bisitarik, autorik edo are bizirik gabe uzten ahal dutenak», nabarmendu zuen Labayenek.

Sakabanaketak senideentzako arrisku larria dakarrela gogorarazi zuen beste behin Herrira mugimenduak. «Arrisku etengabea hartzen dute errepidean. Milaka kilometro, bidaia ezin luzeagoak eragindako nekea gorputz eta buruan, bihurguneak, euria, errepide bustiak, elurra, bide arriskutsuak ...».

Egoera horren ondorioak istripu larriak direla nabarmendu zuen Labayenek. «Adibidez, Mikel Egibarren andreak eta seme-alabek aurreko asteburuan izandakoa: ospitalean jarraitzen dute kamioi batek jo zituela-eta. Aurten, orain arte, hamabi istripu gertatu dira», esan zuen.

«Sakabanaketa zigor bidegabea da, presoarenganako eta bere inguru guztiarenganako mendekua, astebururo ehunka bizitza arrisku larrian jartzen dituena. Oso mingarria da, jende askorentzat, espetxe politikaren ondoriozko bidaiez, istripuez, sakabanaketaz eta hiltzeko arriskuaz mintzatzen jarraitu beharra. Egoera lazgarria da», esan zuen Labayanek Gobernu espainolari ezohiko espetxe politika behingoz amaitzeko eskatuz. «Ez dezala oztoporik jarri bakea helmuga duen bidean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo