GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bidaiari-ontzi handiak Pasaian, oso adierazgarri

Pasaiako portura iritsi zen «Azamara Journey» bidaiari-ontzi handia eta asteburu honetan iristekoa dena, biak ala biak, albiste onen iragarle izan dira. Adierazgarria ere izan da, ordea. Hots, errealak diren beharretara egokituta eta, hartara, espazio eta azpiegitura propioz hornituta, egungo Pasaiako portua ontzi eta trafiko ezberdinak hartzeko guztiz balekoa eta aproposa dela erakusten baitu. Eta portuaren kontserbazioaren eta ustiapenaren ardura duenak, Pasaiako Portuko Agintaritzak hain zuzen, bere lana serio eta arretaz egiten badu, Pasaiak dituen potentzialak baliatzen badira, dagoen portuak asko eman dezake, egun ematen duena baino askoz ere gehiago.

Zoritxarrez, baina, dagoenaren etekina optimizatu beharrean, ez dagoen -eta segur aski inoiz izango ez den- (super)portu baten alde dihardute. Agintaritzako lehendakari Lucio Hernandoren gestioak kalte handia egin dio Pasaiako portuari. Azpiegiturak desegin ditu, merkantzia-ontziak susmagarriki beste portuetara desbideratzen dira eta ontzien trafikoa mende erdi atzera zegoen mailara jaitsi da. Ameskeriaz eta megalomaniaz lepo, pasaitarrenak ez diren beste interes batzuen defentsan tematu da alegiazko superportuaren alde. Bidaiarien joan-etorririk izango ez lukeena, bide batez esanda. Propagandarako argazkiak atera baino, Pasaiako portuaren biziberritzean eta balorizazioan lan egin behar da. Badute garaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo