GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Legearen zaindarien miseria

Eurek hiltzen zutenez, hiltzea merezi dute». Eta lege sakratua? «Herritarrek beren buruari emandako legeak» batzuetan -nori aplikatu behar zaion- ez al du balio? Hala izatera, ez baita legea, legearen ezaugarrietako bat orokorra izatea baita. Ez dira aski salbuespenezko legeak ere (horrelako lege mordoa du Estatu honek, gehienak euskal... minbiziari? lotuak).

Batzuekiko eta besteekiko trataera desberdinak alde bat utzita, ETAren eta estatuen arrazoiez mintza gintezke. Baina ez gara mintzatuko. Estatuena, estatu arrazoia, azaldu, zuritu eta txalotu daiteke; ETArena, berriz, ez. Areago, ezin da esan arrazoiren bat duela, ezta harekiko adostasunik agertu gabe ere. Hortaz, ez dut horretaz jardungo, biktimak iraintzea litzatekeelako (arnastea ere izan liteke biktimak iraintzea), demokraziaren (f-z idazten dena) balioen kontrakoa litzatekeelako. Behin baino gehiagotan bururatu izan zait ETAk borroka armatua bukatuta asmatu egin duela idaztea, baina ez dakit, ETArekiko adostasuna denez, horrelako baieztapena ez ote den zigorgarria. Aukeran, ETAk borroka armatuari eutsi behar ziola esan behar ote nuke, horretara neure desadostasuna erakutsiz? Ez, badakit, jarrerarik zuhurrena isilik egotea da. Esango digute zer pentsatu eta zer esan behar dugun.

Ardura instituzionalak dituzten zenbait politikari ere Gobernuak eta epaileek Uribetxebarriaren kasuan legearen araberako erabakirik ez hartzearen alde agertu izan dira, zerrenda honen hasierako «argudioa» erabiliz. ETAkoek ere ez baitzuten legea betetzen eta giza eskubideak urratzen baitzituzten. Bai, eta horren ondorioz, eta salbuespenezko legeen ondorioz, gaur egun ETAko eta ETAko ez diren 700 preso inguru daude giltzapean, legearen alderdi zigortzailea modurik gogorrenean ezarrita eta legeak berak jasotzen duen alderdi aringarria ukatuta. Gobernuari bere lege-urratzeak, ordea, ez dakarkio ondorio kaltegarririk.

Egunotan erruz erabili dute politikari horiek «miserable» hitza, azalpenik eman gabe haren esanahia argi utziz.

Animo Iosu, herri honi oparitu dioten adierazpen askatasun bitxia gorabehera, zure, zuen, askatasuna aldarrikatuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo