GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Har dezatela, ba, gorrotoaren monopolioa

Uribetxebarriaren egoera aski argigarria da. Hiltzear dagoen arren, preso gordetzen dute. Eta horrelako krudelkeria Ortega Lara aipatuz argudiatzen dute. Berriro ere, biktimen industria

Aski ezaguna da Max Weberren estatuaren gaineko definizioa, zilegizko indarkeriaren monopolioarena, hots. Guk ikusi dugu, gurean, espainiar eta frantziar estatuek zilegizko sufrimenduaren monopolioa hartu nahi izan dutela. Zein negar onar zitekeen eta nork ez zuen deus ere sentitzeko eskubiderik ezarri nahi izan dute.

Biktimekiko elkartasuna izan da, eta oraingoz ere bada, espainiar nazionalismoaren mozorroa. Sentimenak baliatu dituzte gainbehera doan egitasmo autoritarioari aurpegia garbitzeko.

Hiru dira, batez ere, operazio honen erreferentziak. Alde batetik, sionismoak egin izan eta egiten duen juduen kontrako genozidioaren erabilpena. Sionistek ez dute inolako eskubiderik palestinarrei egiten dietena egiteko, eta horrek ez du inolako loturarik nazismoarekin, baina begi-bistan dagoenez, biktimaren estatusa erabiltzen da erasoa justifikatzeko. Finkelstein pentsalariak azaldu zigun hau dena «Holokaustoaren industria» liburuan, zeinean argiki aipatzen baitu juduen sufrimenduaren esplotazioa.

Bigarren erreferentzia neokonena da. Irailaren 11ko atentatuetatik indartu zen joera dugu inperialismoaren irudi biktimista. Askoz ere aurreragotik sortua zen, inperio guztiek besteen erasoen biktima gisa agertuz argudiatu nahi izan dutelarik beren espantsiorako joera. Duela bost mende gertatutako Nafarroako konkista eraso baten aurreko defentsa gisa aurkezten saiatu ziren espainiarrak, esaterako.

Sakonki aztertutako gaia dugu hau: Susan Faludi feministak emakume afganiarren biktimizazioa plazaratu du, adibidez. Afganistanen inbasioa argudiatzeko bertako emakumeen biktima egoera gainditzea aipatu zuten estatubatuarrek. Esanguratsuki, indigenen kontrako gerletan ere, bahitutako emakumeen kontaketak erabili zituzten kolonizatzaileek, «basatiei» aurre egiten zien gizonaren irudia indartzeko.

Hirugarren erreferentzia, jakina, espainiar faxismo-frankismoarena da. Calvo Sotelo superbiktimaren harira justifikatu ziren milaka lagunen erailketa eta altxamendu faxista osoa. Faxistak biktimak ziren. Hala justifikatu ziren astakeria horiek eta, gerora, instituzionalizatu zuten eroritakoen oroitzapena: «caídos por Dios y por España». Odol isurketa erraldoia piztu eta garatu zutenak biktima bilakatuta.

Hiru erreferentzia hauek nahasi eta ETAren biktimaren figura sortu da azken urteetan. Industria emankorra abiatu dute, lan ideologikoa eta erronka politikoak aurrera eramateko. Baina gainbehera doa operazioa gaur egun. ETAren erabakiek, ezker abertzalearen ekimenek eta oro har Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketek biktimen iruzurra indargabetzeari ekin diotelako.

Gaur egun, beste parametrotan zehazten da lehia. Oraingoan, espainiar nazionalismoak mendeku eta gorrotoaren monopolioa hartu nahi duela dirudi. Iosu Uribetxebarriaren egoera aski argigarria da. Hiltzear dagoen arren, preso gordetzen dute. Eta horrelako krudelkeria Ortega Lara aipatuz argudiatzen dute. Berriro ere, biktimen industria. Har dezatela, bada, mendeku eta gorrotoaren monopolioa! Jendeak begi eta belarriak ditu eta nor bere lekuan gelditzen ari da eta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo