GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilboko Udalak kargudunen soldatak %7 murriztea erabaki du aho batez

Bilboko Udalak aho batez erabaki zuen goi-kargudunen, korporazio-langileen eta behin-behinekoen soldatak %7 jaistea. Bilduk lehenago ere berak proposamen hori egin eta ez zela aurrera atera salatu zuen, eta «men egiteagatik» onartu duela orain Udalak, ez «konbentzimenduz».

GARA |

Bilboko Udaleko korporazio-langileei, goi kargudunei eta aldi baterako langileei %7 murriztuko diete soldata, udalbatzak aho batez hala erabakita.

Atzoko ezohiko udalbatzarrean Txema Azkuenaga Bilduko zinegotziak baino ez zituen adierazpenak egin. Koalizio abertzaleak proposamen hori bera aspaldi egin zuela esan zuen, eta orduan, «politikarien soldatak errealitate sozioekonomikora egokitu behar zirela esan genuenean», ez zela inor ados agertu salatu zuen Azkuenagak.

Koalizio soberanistaren esanetan, gainerako talde politikoek «Gobernu zentralari men egiteagatik, merkatuen diktaduragatik edo hori ez egitea politikoki adeigabea litzatekeelako» bozkatu dute alde orain, eta «ez benetan soldaten jaitsieraren alde daudelako».

Bide horretan, bozeramaile independentistak udalbatza eta udal-gobernua «murrizketak alde batera uztera» deitu zituen, «arlo ekonomiko eta sozialerako suntsitzaileak diren PPren erabakiei», aurre egiteko, «pertsonen eskubideak eta beharrak lehenesten dituzten erabakiak hartuz». «EAJ edo PSE bide horretatik abiatzen badira, Bildu lagun izango dute», gaineratu zuen Azkuenagak.

PP, gustura

Cristina Ruiz Alderdi Popularreko bozeramailea «gustura» azaldu zen hartutako erabakiarekin, udalbatzarra bukatutakoan egindako adierazpenetan.

Politikari eskuindarraren iritziz, erabakia «ez da hain berritzailea», azken urteotan «antzeko izozteak eta murrizketak» gertatu direlako. Bere ustez, arazo nagusia «krisi larria» da, eta horren aurrean «inori gustatzen ez zaizkion erabakiak hartu behar ditugu», nabarmendu zuen Ruizek, «denok norabide berean tira egin behar dugula» gaineratuta.

berandu

Bilduko bozemaraile Txema Azkuenagak «orain dela zenbait hilabete» koalizioak soldatak jaistea proposatu zuenean inor ez zela ados agertu salatu zuen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo