Udate
Teknologiari erabilera soziala topatu nahian, Bilboko Zawpen
Teknologiaren inguruan dabiltzan sortzaile, ekintzaile eta zaleen Summer of Labs topalekua gaur amaituko da Bilboko Zawp-en. Tabakalerak eta Arco Atlantico sareak bultzatutako ekimen honen helburua, sormen aukerak eta erabilera sozialak teknologiarekin uztartzea da, elkarlanean landutako tailerren bitartez. Gaur goizean lehenengo emaitzak ikusi ahalko dira.
A. ARRUTI | BILBO
Nantesen egin zen lehenengo topaketa, Errenteriako Kabian bigarrena eta egun hauetan Bilboko Zawp-en aritu dira 200 parte hartzaile inguru teknologiaren eta honen erabilera sozialaren inguruan hausnarrean eta proiektuen sorkuntzan. Topalekua 2012ko udan kostalde atlantikoan barrena Arco Atlantico sareak antolatutako Summer of Labs 2012 ekimenaren barnean dago, Donostiako Tabakaleraren elkarlanarekin batera.
«Teknologia erabilera sozialetara hurbildu nahi da, baina baita erabilera demokratigoago batera ere, jendeak ikas dezan edo behintzat aukera izan dezan teknologia nola egiten den eta nola erabiltzen den ikusteko, ahal den heinean behintzat, berak ere fabrikazio prozesuan parte hartzeko», azaldu zuen Ibai Zabaletak, Tabakalerako komunikazio taldeko kideak.
Beste alde batetik, kultura askearen ideia ere landu nahi dute; «ez duzu zertan teknologiaz jakin. Komunitate baten parte izatea bilatzen dugu, ikusi eta ikasi, baina baita ere ulertzea teknologia horren inguruan mugitzen garela», gaineratu zuen.
Webgunearen bitartez (http://summeroflabs.eu) proposamenak jaso dituzte, 35 proiektu inguru, eta lau arlotan banatuta garatu dituzte: fabrikazio digitala; hacking-a eta trasteekin jolasean; ikus-entzunezkoa, kodea eta elkarrekintza; eta gailu mugikorrak.
«Normalean ez zaigu esplikatzen nola egiten diren gauzak eta ez daukagu teknologiaren kontrola. Eta beldurra hartu diogu elektronikari. Hemen ikus daitezke hiru dimentsiotako inprimagailuak, laser ebakitzaile bat eta beste hainbeste tresna, berez nahiko konplexuak diruditenak baina egunero inguruan ditugunak», azaldu zuen.
Tailer moduan antolatu dira topalekuok, baina proiektu ezberdinen elkarlanetik sortutakoaren garrantzia azpimarratu zuten antolatzaileek. 3D inprimagailu bat eta janariaren inguruan lan egiten duten beste batzuk elkartu eta janaria inprimatzen saiatuko dira, esaterako.
Proiektu guztiek ez dute bat-bateko emaitza jakin bat izango, baina guztia dokumentatuta geldituko da wiki irekietan eta bestelako euskarrietan. Gaur goizean Zawpen emaitza horien zertzelada bat ikusi ahalko da eta aurrerago webgunean argitaratzen joango dira proiektuak.