Rikardo Arregi 2012/8/15
Eskolak, higiezinak eta sexua
Deia
Hemengo (hiru probintzietako, esan nahi dut, hiru lurralde historikoetako, barkatu) apezpiku katoliko erromakoak berehala atera dira plazara, mitra jantzita, batxilergoan erlijio katolikoko eskolak direla-eta, Auzitegi Gorenak eman duen epai berria indarrean jarri behar dela aldarrikatzeko. Apezkikuek erlijioko eskolak ordutegi barruan nahi dituzte, ez azken orduan edo arratsaldez; apezkiuek nota jarri nahi diete ikaslei, behar bezalako nota bat Biologiakoa edo Historiakoa bezalakoxea; apezpikuek erlijioa egingo ez dutenen ikasleentzat beste irakasgai bat nahi dute. Apezpiku jaunek eskola publikoan agindu nahi dute eta erlijio katolikoa egingo ez dutenak zigortu. (...)
Hemengo (Nafarroako Erresuma Zaharrean, esan nahi dut, Nafarroako Foru Komunitatean, barkatu) artzapezpikua, aldiz, higiezinen negozioan dabil inmatrikulazioekin. Ziurtatuta izango du eskolena. Ondo dauden erainkuntzak inmatrikulatzen dituzte bakarrik, jakina, erortzear dauden elizak herrien eskuetan uzten dute. Araban erortzear dauden herrietako elizak erortzen utziko dute (...).
Eta azkenik Baionako (ez hemengo ez hango) apezpikuak Frantziako beste apezpikuekin batera otoitz egingo du aste honetan sexu berekoen arteko ezkontza zibilen aurka.
Eskolak, higiezinak eta sexua; horiexek dira apezpiku katoliko erromakoen kezka nagusiak. Krisi ekonomikoaz, probeziaz eta fribolitate horietaz ez dut nik asko entzun. Pentsatu nahi dut elizetan hitz egingo dutela oraindik pobreez, baina pobre ebangeliko eta abstraktu horiek izango dira ziur aski, pobre kaltegabe, zintzo eta beharrezko horietaz, karitateak egiteko ezinbestekoak diren pobre naturalez. (...)