GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

J. Ortuñez Errepresaliatua

Giza eskubideak ala eskubide zibil zein politikoak?

Auzia, beraz, ez da hainbeste Iosuren gaixotasunak duen larritasun sendaezina, Estatuaren aldetik egoera larri eta atzeraezin honetan jartzeko egin diren ahaleginak baizik

Gaurko artikulutxo honetan saihetsezin suertatu zait, nola ez, Iosu Uribetxebarriaren kasua abiapuntutik hartzea. Ez diot hori bere gaixotasunaren larritasunari errepa- raturik, proba mediko berri gehiagorik egin gabe ere soberan ezaguna baitzen, norberaren duintasuna aintzat hartuz edota ikuspegi politiko huts batetik begiratuz ere horrela eskatzen didalako kasu honek. Horregatik, Iosuren bitartez, euskal preso politiko guzti-guztiak ekarriko ditut gogora; eta une honetan, bereziki, Iñaki Erro eta Mikel Egibar aintzat hartu nahi ditut, hura bere amaren heriotzaren aurrean eta hau bere senideek jasandako istripuaren aitzinean pairatzen ari diren sufrikarioagatik.

Denak nahi ditut hizpide, egun hauetan neure buruarekin egiten ibili naizen hausnarketa emankorra izan delakoan. Gainera, Iosuren kasutik ateratako eskarmentuak hainbat xehetasun egiteko parada ematen digula uste dut.

Alde batetik, Iosu hilzorian den herritarra da, gaixotasun atzeraezinak jota. Hortaz, aste luze bat gose greban eman ondoren, bere osasun egoera gero eta hurbilago dago halabeharrezko amaiera saihetsezin bezain tamalgarritik. Hala eta guztiz ere, zerbait argitu nahi nuke: aurrerantzean gerta litekeen edozertan, espetxeek eskaintzen duten laguntza medikorik ezak (edo behintzat eskasak) sekulako erantzukizuna izango luke. Izan ere, kasu honetan bezalaxe besteetan ere, espainiar agintariek erakusten duten burugogorkeria etekin zale eta ankerra dugu zordun bakarra.

Iosuri minbizi metastasikoa diagnostikatu zioten aspaldi. Bada, Donostiako Ospitalera ekarri zutenetik egin dizkioten proba medikoen emaitzak ezagutzeak zertan alda lezakeen aipatu diagnosia? Eta proba horiek jada bagenekiena berretsi baino ez badute egiten, zertarako luzatu Iosuren kaleratzea (ikusteko dago ere zein baldintzatan) ekarriko lukeen prozedura? Inori ez zaio eskapatzen espainiar Estatuak pultsu bat ezarri diela euskal herritarrei, ezker independentistari eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboari, hauen guztien erreakzio gaitasuna neurtu nahian edo. Aldi berean, Iosuren egoerarekiko ardura ezker abertzalearen bizkarrean uzteko ofentsiba mediatikoari hasiera eman diote lehenengo egunetatik, inongo hipotesirik baztertu gabe, eta horra datoz Iosuren beraren militantziari buruzko prentsa-kanpaina edota Kolektiboaren erantzuna ezkutuan antolaturiko zerbait bailitzan aurkeztu duten artikulu interesatuak.

Beste alde batetik, Iosu, bost mila egun luze baino gehiago giltzapeturik egon eta gero, duintasun miresgarriz ari zaio aurre egiten sufrikarioari. «Eragindako kaltea» ahobero ibiltzen diren horiei guztiei ondokoa galdetu nahi nieke: nork erreparatuko du Iosuri eta bere gertukoei eraginiko kaltea? Nork aitortuko Euskal Herriko hainbat familiak egunero pairatzen duten sufrikarioa? Nork eskatuko du barkamenik ia zazpiehun euskal herritar giltzapean egondako egun guztiengatik, edota ehunka herritar etxetik urrun alde egiteko Estatuko botereek bultzatu dituzten jazarpen, zapalkuntza eta diktadura mediatikoarengatik?

Iosuk kalean egon behar du, jakina, baina ez bakarrik motibo humanitarioengatik. Errukitasun pixka bat edukita, salbuespen egoera eta neurri guzti-guztiak altxatu beharko lirateke berehala. Iosu kalean nahi dugu, bai, eta ez soilik giza eskubideek hori agintzeagatik. Euskal Presoen Kolektiboa muturreko egoeran mantentzeak giza eskubideak urratzen ditu egunero. Auzia, beraz, ez da hainbeste Iosuren gaixotasunak duen larritasun sendaezina, Estatuaren aldetik egoera larri eta atzeraezin honetan jartzeko egin diren ahaleginak baizik. Horregatik, Iosuk bere etxean egon behar duela diodanean, esan nahi dut ez garela zain egon behar gaixotasun sendaezin batek -orain edo gero- jotako gainerako presoak antzeko egoeran egon arte.

Ildo beretik, erlatibiza dezagun legediaren aplikazioa exijitzen dugunean. Egia da legeak Josuren egoera berean legokeen presoaren kaleratzea aurreikusten duela. Alta, legedia bera da ere Iosu espetxean sartu eta gaurko egoeraraino eraman duena. Kolektiboari libro eta grina militanteaz prozesu demokratikoan parte hartzea ukatzen dion lege berbera, hain zuzen. Ezarri zien espetxe-zigorra bete duten arren, hamar batzuk preso giltzapeturik mantentzen dituen araudia, alegia.

Eta hori hala da, Zuzenbidean adituek eta Estrasburgoko Auzitegiak muturreko egoerak bai juridikoki eta bai ikuspegi etiko hutsetik ere onartezinak direla erakutsi badute ere. Giza eskubideez mintzatu beharra, orduan? Baliteke.

Gauza bat badakit edozein eratan: euskal militanteei dagokienez, borondate politikoaz aritu behar gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo