HIRIZ HIRI | UDA SAN FRASCISCON
Denetariko mugimenduen sorgune eta topagune
Langileek eta ikasleek Parisko kaleak hartu baino urtebete lehenago, 1967ko maiatzaren 13an hain zuzen, «San Francisco (Be Sure to Wear Flowers in Your Hair)» abestia AEBetako irrati kateetara iritsi zen.
Esti EZKERRA
The Mamas & the Papas taldeko John Phillipsek idatzi eta Scott McKenziek ahotsa jarri zion kantuak hainbesteko arrakasta izan zuen ezen, ekainerako, gehien entzundako ehun abestien zerrendan laugarren postuan zegoen eta «Summer of Love» delakoaren ereserkia bihurtu zen. Europan ere oihartzun handia izan zuen kantuak, eta Pragako udaberrian dezenteko protagonismoa izan zuen askatasunaren doinua bilakatu zen aldetik. (Berez, abestia Monterey Pop jaialdia promozionatzeko propio sortu zutela eta ez, batzuek uste duten bezala, San Francisco hiriaren omenez).
Gaur egun ere antzeko sentimenduak pizten ditu Phillips eta McKenzieren abestiak, eta izan bada bertan aipatzen diren jende atsegin eta bizitasun handiko kaleen benetakotasuna ziurtatze aldera San Franciscora abiatzen denik, bost hamarkada lehenago hippyek egin bezala.
Kasu horretan, ibilbidea nahitaez Haight eta Ashbury kaleak gurutzatzen diren tokian hasi beharra dago, 1960ko hamarkadan maitasun askearen, rock & rollaren, komunen eta bestelako mugimendu alternatiboen sorgune eta topagune hura.
Oraindik orain auzoak urte haietako espirituari eusten dio, garaiko arropak, musika, liburuak, apaingarriak eta bestelakoak saltzen dituzten dendekin.
San Francisco, baina, ez da mugimendu edo estilo bakarreko hiria. Aitzitik, hainbat mikrokosmoz osaturiko hiria dela esatea litzateke egokiena, bakoitzak bere espazioa duelarik.
Castrotik Alcatrazera
Hippyak aipatu ditugu, baina ezin ahantzi haiek baino lehenago Beat mugimenduko idazle eta artistak bertan finkatu zirela. Haien lekukotzari eutsi dio urte hauetan guztietan Columbus kalean dagoen City Lights liburudenda, argitaletxe eta elkarguneak, literatur zaleek derrigorrez bisitatu beharrekoa.
Jakina, San Francisco bereizten dituzten tokiei buruz hitz egiten hasita, ezin aipatu gabe utzi turista ororen jomugan egon ohi diren guneak, hala nola, Alcatraz kartzela, egunez eta gauez bisita daitekeena, Arte garaikideko eta Historia naturaleko museoak, Golden Gate zubia eta parkea, aurten 75 urte bete dituena, North Beach-eko kafetegi italiarrak eta jazz klubak, Chinatown, AEBetako zaharrena eta handiena, 24th street-eko mural zoragarriak, «gay mugimenduaren munduko hiriburu» bezala ezaguna den Castro auzoa (Harvey Milk aktibistaren bizilekua), Mission auzoa (hiriko zaharrena, 1776an sortua eta gaur egun galeria ezinhobeen kokaleku) zein Fisherman's Wharf, kostaldearen ikuspegi zoragarria eskaintzeaz gain arrain merkatua eta denda bereziak biltzen dituena. Inguru horretan dago Ghirardelli txokolate fabrika ere.
Edozein delarik plana, San Franciscora gerturatzen denak hobe du maletan jertsei lodi bat sartzea, kostaldetik behelainoa sartzen denean tenperatura dezente jeisten baita. Mark Twainek esan zuenez, inoiz ezagutu zuen negurik hotzena San Franciscon igaro zuen abuztua izan zen.