GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Gernikako akordioren ekitaldia

Donostiatik Bilbora, kezka berbera

Donostia ospitaleko «kanpamendua» ordu batzuetarako altxatu, eta A-8 zeharkatu zuen atzo Iosu Uribetxebarriaren aldeko aldarriak. Kezka biziz agertu ziren Bilbon Gernikako Akordioko taldeak eta Donostian gose greban diharduten lagunak, Estatuak egoera latz hau oraindik luzatu dezakeela uste baitute. Euskal jendarteak ez duela sufrimendu gehiagorik nahi, konponbidea baizik, nabarmendu zuten ekitaldian.

p002_f02.jpg

Ramon SOLA

Donostiatik joanda, Bilbora sartu aurretik margo handia ageri da Malmasin tunelaren gainean: ``Iosu gose greban, maite zaitugu''. Haren aurpegia ere Bizkaiko hiriburuko horma askotan ikus zitekeen atzo, bere egoerak eragin duen kezkaren seinale. Euskadi plazan, Iberdrola dorrearen azpian, hauxe bera nabarmendu zuten eguerdiko ekitaldian parte hartu zuten hizlariek: «Larrialdi humanitario baten aurrean gaude».

Gernikako Akordioko taldeek antolatu zuten ekitaldia. Helburu bikoitza biltzen zuen leloak, kezka ere bikoitza baita. Batetik, nola ez, Uribetxebarria eta gaixorik dauden gainerako presoei buruzkoa. Eta bestetik, orokorrean konponbide aukerari dagokiona.

Lehenaz gehien dakitenak Donostiako ospitalearen aurrean dagoeneko hamar egunez gose greban diharduten lagunak dira. Hamaika izan ziren oholtzara igo zirenak. Presoaren egoeraren berri eman ondoren («sendo, tinko dago», esan zuen Herrira-ko ordezkari den Fran Baldak), haren mezua zabaldu zuten: kaleratua izan arte ez duela gose greba utziko, jendeari eskerrak ematen dizkiola eta orokorrean prozesua «ondo bideratuta» ikusten duela.

Hirugarren gradua jaso duen arren, ez dira Gobernuarekin fio. Auzia oraindik ere luza dezaketela aurreikusten dute: «Hemen eztabaida ez da juridikoa, esaten diguten bezala. Kontua ez da zein urrats egin behar den orain. Erabakia politikoa da, ez juridikoa», ohartarazi zuen Jon Garaik, hau ere Herrirako kide eta gose-grebalaria.

Baina larritasun horrek ez du guztiz estaltzen barruan sentitzen duten poza, «olatua sortu dugulako», esan zuen Baldak. «Eta hau ez da amaiera izan behar, hasiera baizik -erantsi zuen Garaik-. Ezin dugu utzi hau berriro gertatzea, eta horregatik olatu hau tsunami bilakatu behar dugu».

Gernikako Akordioko taldeek, bigarren kezka, orokorra, erantsi zioten presoen egoeraren ingurukoari. LABeko Sonia Gonzalezek eta Aralarko Iosu Murgiak Estatuaren blokeoa nabarmendu zuten, Gernikakoa sinatu zenetik bi urte pasatu direnean eta Aieteko Adierazpenetik hona ere hamar hilabete igarota.

«Heriotza gehiagorik ez»

«Nazioarteko beste konponbide prozesu guztietan egin den bezala, hemen ere nahitaezkoa da gatazka politikoak utzitako ondorio guztiak konponbidean ezartzea», esan zuten, baina PPk nazioarteko legedia ez ezik bere espetxe arloko arauak ere urratzen dituela aipatu zuten. Eta honekin, gainera, Euskal Herrian zabalduta dagoen nahiaren aurka egiten duela erantsi zuten Gernikako taldeek: «Euskal jendarteak ez du heriotza gehiagorik nahi, ez du sufrimendu gehiagorik nahi; bakea, konponbidea eta demokrazia nahi ditu».

Bi mila lagun inguruk entzun zituzten hitz hauek guztiak. Tartean Herriraren elastiko ugari, konpartsetakoak ere bai, eta Bildu eta Amaiurko ordezkari ugari: Laura Mintegi lehendakarigaia, Maite Aristegi eta Onintza Enbeita diputatuak, Alberto Unamunzaga senataria, Maribi Ugarteburu eta Tasio Erkizia ezker abertzalearen aldetik, Oskar Matute Alternatibatik...

``Iosu askatu'' eta ``Presoak kalera, amnistia osoa'' oihuak entzun ziren. Ondoko kaleetan, Ertzaintzaren furgoiak, prest. AVTk ekitaldi hau debekatzea eskatu zuen. Bezperan, atzo bertan Bilbon egitekoa zen Herriraren manifestazioa debekatua zuen Santiago Pedraz epaileak. Atzokoan ez zuen gauza bera egin, baina ekitaldiaren edukiari buruzko informazioa eskatu dio Ertzaintzari, Uribetxebarriaren aldeko «laudorioak» egin ote ziren azal dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo