Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Arrastoa ezabatzen
Guztioi gertatzen zaigula uste dut; denok ezagutzen ditugu pertsona batzuk gure bizitzan gurutzatu arren arrastorik uzten ez digutenak. Berdin dio parez pare elkarrekin lan egin izana edo betiko auzokideak izatea: inoiz alde egiten badute, hurrengo egunerako ahaztuko dituzu. Ez dute ezer txarrik, pertsona onak izan daitezke, baina ez zaituzte bustitzen. Eta, alderantziz, badago jende bat hasieratik markatzen zaituena, badakizula beti gogoratuko duzula. Pertsona klase horrek badauka zerbait berezia, urteekin ezabatzen ez dena. Mikel Egibar azken hauetakoa da.
2005eko udazkenean ezagutu nuen, Madrilen, beste dozenaka euskal herritarrekin batera 18/98 sumario sonatuan epaitu baitzuten. Epaiketa haren jarraipena egunez egun egitea tokatu zitzaidan, ia urte eta erdiz. Eta esan behar dut injustizia erraldoi baten testigantza ematea egokitu zitzaidan arren, hura inoiz izan dudan esperientzia aberasgarri eta gogoangarrienetakoa izan zela. Hain zuzen, Mikel bezalako jendea ezagutzeko aukera eman zidalako.
Izan ere, zaila izango da inoiz Casa de Campon bildu zen giza-talde hura bezalakorik beste inon topatzea. Adimena, indarra eta duintasuna, tonaka neur zitezkeen bertan, eta nik, koadernoari eta boligrafoari lotuta, beraiekin egoteko parada izan nuen. Eta ez dut sekula ahaztuko denek eman zidatena.
Mikelekin orduan izandako solasalditxoak gogoan ditut. Zintzotasunaren, zuzentasunaren isla zela iruditu zitzaidan. Makurkeria izpirik inon ez zitzaion ageri. Baina, ia beste guztiak bezala, kartzelara bidali zuen Angela Murillok, eta hor jarraitzen du, bere kide gehienek bezala. Egindako lan politikoagatik, kazetaritzan duintasunez aritzeagatik... horregatik giltzaperatu zituzten. Erabaki politikoa izan zen hura, eta erabaki politikoa da denak Euskal Herritik ehunka kilometrora mantentzea. Erabaki politikoa, beraz, Mikelen bikotea eta seme-alabak ospitalera eraman dituena. «Istripua» eragin zuena.
Badagoelako herri honetan, eta herri honen kalterako, bere arrastoa uzten tematzen denik. Iosu, Iñaki eta beste euskaldun asko eta asko hain krudelki tratatzen dituzten horiek beraiek. Beraiena marka mingarria da, atsekabea bakarrik eragiten duena, eta argi dago gogor egin beharko dugula lan gure azal minduetatik eta bihotz urratuetatik ezabatzeko. Baina ziur nago lortuko dugula, ez dela gurean beraien arrastorik geratuko. Besarkada handi bat, eta animo!