Julen MURGOITIO
Mendean ezin, mendekuan
Beheko Estatua bueltan da, Iruñetik abiatua bada ere. Bueltan, bai, aldapan behera itzulika, itzulipurdika, buelta bakoitzean bere miseriak ageriago uzten dituela, eta agertze horretan mugak etengabe gaindituz. Estatu artifiziala da beheko hori; seguruenik Estatu guztiak dira, gehiago edo gutxiago, artifizialak sortzez, baina behekoa gehiago. Hortaz, naturalagoak dira udako jai-gauetan hiriko zerua kolorez janzten duten suak, artifizialak esaten zaien arren. Are gehiago, hain da artifiziala Estatu hori non suteak berezkoak dituen zezen larruko bazterrik bazter, basoetan izan ere. Erregetza bideko Zezenbide-Estatu errea, erretzailea. Tira! Jaira! Aste nagusi batek beste nagusi bati eman dio errelebua egunotan, joko olinpikoak joanak ez baziren bezala. Horien ondoan sekundario geratzen dira herrietako jaiak, aste osoa hartuta ere nagusi ez direnak. Horra bueltan den Marijaia, eskuak altxaturik, errepide-kontrol batean geldituta bailegoen. Piratak joanak dira, ostera ere, bueltan itsasora hiriburua aste batez jator hartuta. Porturatuko dira berriro ere, kanpoko porturen beharrik izan gabe. Abordatzea eta erreskatatzea zer gauza diferente diren seinale. Ama, ama! Itsasoak piraten esku, urrea meatzarien esku eta elizak udalen esku... ez diren bitartean gona bete lan izango dugu. Gerora ere berdin, lana, baina bestelakoa.
Lurralde bateko egoera mendean hartu ezinean dagoen Estatu zentralista batek mendeku bidea hartzen duenean, bere azken burbuilak berak ere eztanda egin dion seinalea da. Aurpegian eztanda egin ere, maskara guztiak apurtuta. Gero eta maskara gutxiago geratzen da munduan, eta laster batean antzokietan baino ez dira geratuko. Utikan! Maskarak kanpora! Ageri bitez diren moduan, gobernuan izan edo burtsan izan. Mendekua bueltan. Presoen giza eskubideak presoak hiltzeko duen portzentajearen araberakoa neurtzea da mendekua. Eta mendekua Estatuaren izenekoa bada porrot egindako Estatua da hori, artifiziala izateaz gain. Uniformetan oinarritutako Estatua, janzkeran izan edo pentsakeran izan. Dozenaka meatzari tiroz josiak hego hartan. Hau kolpea! herrialdetik ateratako metalak herrialdera bueltatzekotan joko olinpikoetako domina bihurtuta izan behar da, ezin bestean. Ama, ama! Piratak urte osoan beharko ziren, eta lurrean gehiago itsasoan baino. Hori bai, uniformerik gabe.