GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Donostiako aste nagusia

Jaien balorazio positiboa egin dute Piratek, ekintzek izan duten arrakasta ikusita

Amaitu dira Donostiako jaiak. Zortzi egunez ekimenez betetako festek Bilboko Aste Nagusiari pasatu diote lekukoa. Lehen balorazioek diotenez, parte-hartze handi izan da, era guztietako hitzorduei erantzunez, hala nola kirol, musika, tailer, jolas, bazkari, afari, munduko kultura zein erraldoi eta buruhandi. Udal egitarauan azken ekimena Victoria Eugeniaren mendeurreneko ospakizunari begirakoa zen. Piratek, aldiz, gaur agurtuko dituzte jaiak, Irrikitaldiarekin.

p052_f01-148x84.jpg

Garazi MUGERTZA | DONOSTIA

Amaitu da Donostiako Aste Nagusia. Bart agurtu ziren abuztuaren 11n hasi, eta zortzi egunez hiriburua koloreztatu dituzten festak.

Atzoko eguna ere ekimenez bete zuten. Nazioarteko kultura, hainbat kirol saio ezberdin, haurrentzako puzgarri, tailer eta jolasak, musika -fanfarre, batukada eta Udal Bandaren eskutik- eta 11.00etatik aurrera Aste Nagusiko V. Marmitako Txapelketa Konstituzio plazan.

Baina, aurtengoan Piratak izan dira protagonista. Inoiz baino egitarau eta eremu zabalagoa izan dute euren hamargarren urteurrena gogoz eta indartsu ospatuz. Trinitate plaza, La Flamenka (portua) eta Nautikoa girotu dituzte, musika, antzerki, erakusketa, karaoke, bertso saio, jolas, bazkari, lehiaketa, tailer, afari girotu eta abarrekin.

Aratz Trecet, Piraten bozeramaileak azaldutakoaren arabera, festak amaitu berritan eginiko balorazioa «oso positiboa» izan da, «abordatzean izandako parte-hartzea handitzeaz gain, gainontzeko ekimenetan ere» arrakasta izan dutelako.

«Trinitate plazan emandako afarietan ere jende ugari ibili da eta bertaratu direnak oso pozik irten dira». Gauetan ere jende asko gerturatu da piratek girotutako guneetara, eta oraindik datu zehatzik ez izan arren, txosnen ardura izan duten kideek jai egunetan adierazitakoaren arabera gelditu gabe aritu dira lanean.

Treceten hitzetan, nabarmentzekoa izan da Umeen Egunean izandako parte hartzea, «oso harrituta gaude eta datorren urtean zabaltzeko aukera aztertuko dugu». Izan ere, 200 adin txikiko baino gehiagok hartu zuten parte abordatze txikian eta horretarako muntatutako igerilekua «txiki» geratu zitzaien. «Datorren urtean, akaso, portura joan beharko dugu haurrekin ere».

Aurrera begirako planteamentu zehatzik oraindik egin ez badute ere, Trecetek euren asmoa, «jende gehiago gerturatu ahala eta bakoitzak bere proposamenak egin ahala», hedapenarekin jarraitu ala ez baloratzea eta egitaraua auzoetara zabaltzea dela dio, pasa den ostegunean «Groseko kofradiak antolatutako triki-poteoaren» ereduari jarraiki, auzoak ere girotzeko. «Auzoak aktibatzea eta girotzea gustatuko litzaiguke».

Udaleko programa bart amaitu bazen ere, Piratek gaur emango diete amaiera festei, «urteroko Irrikitaldiarekin». Bertan «ñoñostiar guztiez barre egingo dugu, geure buruaz ere bai». Aurten, gainera, «Udaleko zinegotzi guztiak izango dira».

Dudarik gabe, Piratek antolatutako festak indartsu eta goranzko norabidean doaz urteak aurrera egin ahala, eta aurtengoan bereziki «arrakasta» hitzak definitzen ditu.

Ikuskizun piromusikala

Bestalde, Victoria Eugenia antzokiak 100 urte bete ditu aurten. Mendeurreneko ospakizunekin bat egin du Aste Nagusiak, eta horren harira, jaien programan ikuskizun piromusikala zegoen iragarrita.

Ikuskizuna Bernardo Sanchiz Vallbona zuzendari artistikoak diseinatu du eta Pirotecnia Valecea enpresa arabarra arduratu da suak jaurtitzeaz.

Atzo jakinarazi zutenez, Donostiako Nazioarteko Su Artifizialen lehiaketako -aurtengoa 49. edizioa izan da- irabazlea Valentziako Pirofantasia taldea izan da. «Zilarrezko eta Brontzezko Kontxa» Italiako Lieto Fireworks eta Intermede frantsesak jaso dute, hurrenez hurren.

Epaile Gaztearen saria aldiz, Valentziako Caballer FX pirotekniak jaso du.

IRRIKITALDIA

Donostiako Piratek Irrikitaldiarekin emango diete amaiera hiriburuko Aste Nagusiei. Gaur arratsaldeko bostetan irtengo dira kalera, urtero egiten duten moduan, festen amaierari umore ukitua emateko, «ñoñostiarren» inguruko parodiarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo