GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aparkalekuen tarifen igoera leundu nahi duela ziurtatu du Jean Grenetek

Baionan autoa aparkatzeko tarifen igoerak ika-mika sortu du. Udalbatzak hori onartu zuen uztailean, besta garaian, eta adostasunik gabe. Orain, aldiz, alkateak berak adierazi du ez dagoela erabaki horrekin konforme, eta igoera murritzagoa izango dela aipatu du.

GARA | BAIONA

Baionako besten garaian hartu zuen Herri Kontseiluak Lapurdiko hiriburuan eztabaida handia piztu duen erabakia. Hirigunean 1.250 doako aparkaleku tarifa arrunteko bihurtzeko hautuak ika-mika bizia sortu zuen osoko bilkuran. Orain, oporretatik bueltan delarik, Jean Grenet auzapezak Udalbatzak harturiko erabakia lausotzeko asmoa agertu du, Kazeta.info-k zabaldu duenez.

Udalbatzak eginiko dekretua agortutzat eman daitekeela iragarri du Grenetek. Are, autoa karrikan uztearren baionarrek ordaintzen duten bonuaren prezioa txikituko dela ere iragarri du Lapurdiko hiriburuko agintariak.

Uztailean hartutako deliberoaren ondoren, ordura arte doakoak ziren Champ de Foire eta Glaineko aparkalekuak eguneko euro bateko tarifara pasatu behar ziren, eta Glainekoa gauez ere ordaindu egin behar zen (orduko euro bat). Horrez gain, Boufflers etorbideko beste 300 aparkalekuak ere orduko tarifara igaro behar ziren.

Bayonne Ensemble eta PS

Gai honek polemika bizia sortu zuen udalbatzan bertan. Bayonne Ensemble talde sozialistako zinegotziek herritarren bizimoduan eragingo duen neurria «ia ezkutuan eta uda bete-betean» hartu izana salatu zuten, eta erabakia hartu aurretik Jean Grenet auzapezari gaia berraztertzeko eskatu zioten.

Hain zuzen, aldaketa horien arrazoia «jendearen portaerak aldaraztea eta garraio publikoaren erabilera autoarena baino errazago egitea» dela adierazi zuen orduan zentro-eskuineko gehiengoak.

Sozialistentzat, aldiz, argudio hori ez da bidezkoa, neurria hartu aitzin, «biztanleei gutxienez alternatibak eskaini» behar zaizkielako. «Zein garraio publiko izango dute gauean Glaineko aparkalekutik?», galdetu zioten alkateari, batez ere Baiona Txikiko 6.000 biztanleak gogoan hartuta.

Polemika horren ondotik, Jean Grenetek herri kontseiluak hartu erabakia moldatzeko asmoa agertu du orain.

«Zur eta lur»

«Oporretatik bueltan, Udalbatzak hartu erabakia irakurri dudanean zur eta lur geratu naiz». adierazi du auzapezak. Grenetek auzitan jarri du Herri Kontseiluan hartu erabakia eta tarifen igoera murritzagoa izanen dela iragarri du.

Are, baionarrek autoa karrikan autoa uzteagatik ordaintzen duten bonuaren prezioa murriztuko dela -29 eurotik 20 eurora merkatuko dela ematen du- aurreratu du Jean Grenet auzapezak.

GARRAIO PUBLIKOA

Aparkalekuen garestitzea garraio publikoa bultzatzeko asmoarekin lotu dute, baina «gauean Glaineko aparkalekutik zein garraio publiko izango ote den?» galdetu du PSk, Baiona Txikiko 6.000 biztanleak gogoan hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo