GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Amestutako hasiera eman dio Biarritzek denboraldiari

Zuri-gorriek lehen minutu ikaragarriak egin zituzten, eta hamahirugarren minuturako 15-0 aurretik ziren markagailuan. Mont-de-Marsaneko taldeak ezin izan zion inoiz aurre egin, eta garaipen erosoa izan zen.

p032_f02_097x164.jpg

BIARRITZ 35 

STADE MONTOIS 10

Jon LEUNDA

Biarritzek ezin hobeto hasi du aurtengo denboraldia, atzo garaipenaz gain, erasoko puntua ere batu baitzuen, igo berria den Mont-de-Marsaneko Stade Montois taldearen aurka.

Biarritzek oso ongi ekin zion partidari. Sekulako erritmoa jarri zion, eta Landetako taldeak ezin izan zion zuri-gorriek jarritako mailari eutsi. Hamahirugarren minuturako 15-0 aurretik ziren jokalari lapurtarrak.

Hortik aurrera erritmoa apur bat jaitsi zuten zuri-gorriek, baina ez zen arraroa, egiten zuen beroa eta ligako lehen jardunaldia zela kontuan hartuta. Hori-beltzek ez zuten inoiz arriskuan jarri euskaldunen lana, nahiz eta lehen zatiaren erdialdean aldea apur bat murriztu zuten, zigor-kolpe bat gauzatu ostean. Hala ere, etxekoek beren lana egiten jarraitu zuten, eta atsedenera joaterako norgehiagoka ia erabakita zeukaten.

Bigarren zatia apur bat aspergarriagoa izan zen. Etxekoek neurketa kontrolpean zeukaten, eta kanpotarrek ez zuten estutzen. Berriro ere azkeneko minutuetan piztu zen, talde bakoitzak gauzatutako entsegu bat lortu baitzuen.

Aviron

Avironek, berriz, oker hasi du denboraldia, galdu egin baitzuen etxean, 13.000 ikusleren aurrean Clermont talde handiaren aurka 6-13. Norgehiagokaren gakoa bigarren zatiaren lehen minutuetan egon zen, orduantxe lortu baitzuten kanpotarrek gauzatutako entsegu bat, eta horrek markatu zituen ezberdintasunak, alde horrekin irabazi baitzuen talde frantziarrak, Avironek ez baitzion bueltarik eman. Bi taldeek ere ez zuten partida handia egin.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo