Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
San Ferminetako bizipenak
Txirrindulariok sanferminak ezin izaten ditugunez bizi, gaurkoan aukera eman digute korrikalariek izaten dituzten bizipenak bizi izateko. Entzierroko ibilbidean zehar ibilbide ikusgarria prestatu digute antolatzaileek. Gure taldean zezen gorputzik inork ez dugun arren, zezentxoak legez irten gara Iruñeko kaleetan barrena, gurea ez den espezialitate batean lan txukuna egiteko gogoz. Hamar lehenengoetan sartzea zen gure helburua, eta hala egin dugu; gustura gaude.
Gu sanferminetako paperean sartu gara buru-belarri, taldekide handienek zezenen pare tiratzen zuten, eta txikitxoagoek adarkada motzak ematen genituen. Niri, beroak edo jan-edandako zerbaitek kalte egin eta goragalea etorri zait azken 6-7 kilometroetan eta ia-ia botaka egin dut, hau une ezatsegina! Bezperatik parrandan dabiltzan «alprojekin» gogoratu naiz, haien antzeko bizipenak izan ditut, Estafetan zehar botaka egiteari eutsi ezinik. Ez da oso atsegina izan, baina, hala ere gozatu dut, Iruñerriko kaleetan zehar, zaleoi eskerrik asko eta datozen egunotan ere euskal errepide bazterretan espero zaituztegu!!
Azkenik, zorionak Castroviejo gure zezentxoari!!!
Izugarrizko maila ematen ari da azkenaldi honetan eta gaur merezitako saria izan du. Zorionak berari eta bere taldekide guztiei, pozten gara!