GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Hamalau

Batzuek asko eman dute eta beste batzuek horiek emandakoaren etekinak biltzera etorriko dira, politika egitera. Inportanteena aitzinatzea da, katea luzatzea, lanean jarraitzea

Armak isildu dira. Denbora luze bat daramate isilik, eta luzerako, zalantzarik gabe. Amaiurren eroritako gudariek, Euskal Herriko historia luzean eroritako gudari horiek, asko eman zutenek, beren familiek sufritutakoa, jasandakoa, gogoeta sakonek, haizearen kantuak, itsaso- aren mugimenduak eta erreken irauliak ekarri gaituzte une honetara. Gaur egun presondegietan daudenak, gose greban parte hartzea erabaki dutenak, urrats berri horiek beharrezkoak zirela pentsatu dutenak, asko utziz, egoera pertsonala ondoan utziz, bide anitzak ireki behar direlako, penak, zalantzak, beldurrak aipatu gabe, aurre eginez beste aukerarik ez baita, xendraren puntan esperantza bat dagoela sinetsiz.

Horiek denak gehi mendeetako zurrumurruak daude egoera larrian dauden presoen inguruan.

Herri hau desagerrarazten saiatu dira, asko eta asko, gure mendietako harriek, gure harpeek, gure betizuek ikusi dituzte, herriak zapaltzen, elizak eraikitzen, hizkuntzak inposatzen, gudariak eramaten, mendeetako gudariak, eta berriak sortzen, handitzen ikusi dituzte. Entzun dituzte aldarrikatzen eta aldarrikatzen herri hau herri librea dela, ez duela inork inoiz menperatuko.

Haatik, hau une zaila da eramaten, bidean oztopo asko baitaude, beti bezala. Amaiurko gudariek, Irundik Hendaiara ihesi joaten ziren familiek, Garazira errefuxiatzera etorri ziren haurrek, frankismoaren garaian torturatu zituztenek eta ondorengoek, demokraziaren garaikoek, horiek denek ez dute ibilbide erraxagoa izan.

Frantsesen alde gerla egitera joan zirenak, gasekin erdi itoak itzuli zirenak, frantsesez hitzik jakin gabe, Euskal Herrira itzuli ziren eta kontatu nahi izan zituzten Frantziaren bortizkeriak, Verdunen ezagututako haragi xehatzeak, beraiena ez zen aberriaren alde; baina hitza kendu zieten, ondoko belaunaldia memoriarik gabe utziz. Frantzia berriz defenditzera joan zirelarik gudariak gogoz joan ziren askatasunaren aldeko borroka bat irakurri baitzuten Londresetik heldu zen deialdi hartan. Askatasuna ez zen izan Euskal Herrian eta berriz ere presondegia eta sasiko bidea hartzeko garaiak heldu ziren.

Euskal Herriak zeudela erraten ziguten, federazioak behar zirela gure herrian aipatzen ziguten. Gudariak, gerla ez baitzuten gustuko, debateetan sartzeko prest zeuden, anizta- sunaren alde, herriaren independentzia lehenesten bazen. Baina, herri handi horiek, «liberté, égalité, fraternité» eta «una, grande y libre» horiek federazioak onartzen al dituzte? Debaterik onartzen al dute? Ala debate horiek «txikientzat» baliagarriak ote dira soilik, zeren beren diskurtsoetan, lurralde erreforman, ez baitira gai horiek irakurtzen?

Batzuek asko ematen dute eta beste batzuek horiek emandakoaren etekinak biltzera etorriko dira, politika egitera. Horrek batzuetan mintzen du baina ez da hori inportanteena, inportanteena aitzinatzea da, katea luzatzea, lanean jarraitzea. Denok ala inor ez, denak ala ezer ez, bakarka ezin da...

Ibiltari, bidea ibiliz egiten da. Hau da gure zoria, martxan eman, bidean inor utzi gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo