Surf Eskolen erregulazioa: Asko atzeratzen ari den egitekoa
Hegoaldean Surf eskolak ez daude erregulatuta. Artean, holandar batentzat merkeagoa da surf ikastaroa, bertako batentzat baino.
Haritz Larrañaga Altuna
Hitzetik hortzera dabil surfak azken urteetan izan duen gorakada eta surf eskoletako ikasleek itsasoan duten presentzia neurriz kanpokoa. Bainulariak kexu dira, ez da haientzat lekurik, surflariak ere bai, ikasleek traba egiten baitiete, eta sorosleak bi suen erdian aurkitzen dira, banderak non jarri ez dakitela.
Jarraian, gai honen inguruko zenbait zantzu ematen dira, irakurleak edo gai honen inguruan zerbait egin nahi duen udal ordezkariren batek, surf eskolak erregulatzeko kontuan hartu beharreko elementuak zeintzuk izan daitezkeen jakin dezan.
Legedia
Lehenik eta behin gauza bat argitu behar da, jarraian egiten den azterketa Hego Euskal Herriko hondartzena da, izan ere, Ipar Euskal Herriko hondartzetako jarduera eta surf eskolen eskubide eta betebeharrak oso ongi zehaztuta baitaude. Iparraldean, irabaz asmoko jarduerak zorrotz erregulatuta daude.
Beraz, nola dago gaur Surf Eskolen afera Hego Euskal Herrian legeadiari dagokionean? Surf eskolak, irabaz asmoko beste edozein enpresa gisa arau batzuk bete behar dituzte. Esate baterako, langileek kontratua eta monitore titulua izan behar dute. Lan inspektorea taberna batera joan eta langileren bat kontraturik gabe dagoela ikusten badu zigorra ezartzen du. Zergatik ez dira Surf Eskoletako langileek kontratua eta monitore titulua duten galdetzera joaten?
Hondartza eta itsasoaz mintzo garela, «denona da» edo «ez da inorrena» bezalako esamoldeak entzun ohi dira sarri, baina eskumenak oso ongi zehaztuta daude. Batetik Espainiako ministerioa dago, azken hitza duen eta indar gehien duen erakundea da. Gero, aldundia legoke, eta azkenik udaletxeak.
Arauak zorrotz jarraituz gero, hondartzan egiten den edozer gauzak ministerioaren baimena behar du, baina nolabait esatearren eskuzabal jokatzen dutela esan daiteke, izan ere, berez itzalkin bat jarri nahi duen norbaitek ere hondartza eta itsasoko ministerioaren baimena behar du, beste gauza bat da, inor kexatzen ez den artean kontrako jarrerarik ez hartzea.
Aldundiaren eskumena berriz, dagokion eskualde edo eremuko eginbeharrak asetzera zuzendua dago, garbiketa, zaintza eta antzerako eginbeharrak kasu. Eta udalak berriz, dagokien eremuan egiten diren gauzak kudeatzeko eskumena daukate.
Nori dagokio Surf Eskolen irabaz asmoko jardueren erregulazioa?
Aurrez aipatu moduan, eskumenen hierarkia horretan, indar gutxien duen erakundea da udala, baina bere eremuetan egiten diren jarduera gehienen kasuan bezala, udalari dagokio eragile desberdinak inplikatzen dituen jarduera bat ahalik eta modu egokienean antolatzea. Eskumenak, eskubideak eta bete beharrak, ahalik eta modu egokienean kudeatzeko baldintza gehien bete ditzakeen erakundea baita udala.
Udalen eskumena
Gauza bat da zer egiten duten udalek, beste bat zer egin beharko luketen eta bestea zer egin dezaketen. Udalek, Surf eskolen jarduera erregulatu dezakete. Hondartzan batzen diren eragile desberdinak kontuan hartu eta guztien arteko elkarbizitza ahalik eta modu egokienean antolatu dezakeen erakundea da, beti ere eragile guztiak kontuan hartzen baditu, surflariak, bainulariak, surf irakasleak, sorosleak, eta abar.
Egun itsasoan eta hondartzan surf eskolek nahi dutena egin dezakete. Eremu publikoa erabil dezakete haien irabaz asmoko jarduera nahieran egiteko. Itsasoan eta hondartzan leku asko hartzen dute, batzuetan arrisku handiko momentuak ere sortarazten dituzte eta badirudi, hondartzan diren gainontzeko pertsonek baina eskubide gehiago dituztela. Horregatik, surf eskola bateko nagusia ez den edonori galdetuz gero, ados egongo da, erregulatu beharreko jarduera bat dela.
Europan, surf egiteko olatuak egokiak ez diren lekuetan ere surf eskolak erregulatuak daude. Belgikar edo holandar batek esaterako, nahi duena egin dezake Zarautzen, zarauztar batek ordea, Holandan surf ikastaro bat eman nahiko balu, arazoak izango lituzke. Edo urrun joan gabe, udan Biarritzetik ikasle andana etortzen da surf eskolek antolatutako irteeretan. Gauza bera, hegoaldeko surf eskola batek egin nahi badu ordea, jai du, Biarritzen, jarduera hauek aspaldi erregulatuak baitaude.
Ereduak
Bi dira afera hau kudeatzeko ezarri daitezkeen eredu nagusiak. Batetik eredu pribatua legoke, bestetik berriz, eredu publikoa, eta erdi bidean, eredu mistoa legoke.
Orain arte, eta egun indarrean dagoen eredua, eredu pribatua da. Alegia, enpresa pribatuek, eremu publikoa erabili eta irabaz asmoko jarduera bat egiteko eskubidea daukate, hiritarrek ordea (bezeroak), ez dute eskubiderik jarduera horretan.
Zutabe nagusia, hitzak berak dioen moduan «pri», propietatea da, jabetza. Norbait, zerbaiten edo norbaiten jabe da. Eskubideak, jabetza daukate, beraz jabegoak eskubide guztiak ditu eta hortik kanpo, jabetzarik ez duenak ez du inongo eskubiderik.
Beste muturreko eredua, eredu publikoa da. Publikoa, herrikoia da, berdintasun kontzeptua oinarri hartuta, denei irekia den zerbait adierazten du. Eskubideak berdinak dira denentzat.
Mistoa, erdibideko zerbait litzateke. Alegia, Jabetzak bere eskubideak mugatuak ditu, eta jabegorik gabeak, eskubideren bat edo beste izan dezake.
Esan bezala, egun, Hego Euskal Herrian indarrean den eredua, eredu pribatua da. Surf Eskolek eskubideak dituzte, eremu publikoa erabil dezakete irabaz asmoko helburuekin eta ia ez dute bete beharrik.
Udalak jar dakizkiokeen betebeharrak ere eredu berean kokatu ohi dira, hiritarren kalterako. Adibidez, udalek hartu ohi duten ohiko jarrera zera ina ohi da, surf eskolei hondartza erabiltzeagatik diru sari bat eskatzea. Zein motatako ereduan kokatzen garen ikusita, logikoa dirudi udalak dirua eskatzea, baina horrek zuzenean eragiten du eskolako prezioetan eta ondorioz, kaltetua hiritarra da.
Beraz, eredu honekin bezeroen (hiritarrak) artean bereizketa ematen da, soilik ordaindu ahal duenak jaso ahal izango baitu surf ikastaroa. Eta ondorioz, enpresa indartsuenek soilik eskaini ahal izango dituzte prezio merkeak. Horregatik ditu, adibidez, holandarrei zuzendutako surf eskola holandar batek, bere jendearentzat prezio merkeagoak.
Irabaz asmoko jarduerentzat arauak badira. Lan inspektorea taberna batera joan eta langileren bat kontraturik gabe dagoela ikusten badu zigorra ezartzen du. Zergatik ez dira Surf Eskoletako langileek kontratua eta monitore titulua duten galdetzera joaten?
.
Egun itsasoan eta hondartzan surf eskolek nahi dutena egin dezakete. Eremu publikoa erabil dezakete haien irabaz asmoko jarduera nahieran egiteko. Itsasoan eta hondartzan leku asko hartzen dute eta batzuetan arrisku handiko momentuak ere sortarazten dira.
Zutabe nagusia, hitzak berak dioen moduan «pri», propietatea da, jabetza. Norbait, zerbaiten edo norbaiten jabe da. Eskubideak, jabetza daukate, beraz jabegoak eskubide guztiak ditu eta hortik kanpo, jabetzarik ez duenak ez du inongo eskubiderik.
Soilik ordaindu ahal duenak jasoko du surf ikastaro bat eta prezio merkeak, soilik enpresa indartsuek eskaini ahal dituzte. Horregatik ditu, adibidez, holandarrez eta holandarrentzako osatutako surf eskola batek, bere jendearentzat prezio merkeagoak.