GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Eredeu berriak ulertzeko gaitasun eza

Artikulu hau irakurrita, norbaitek pentsa dezake, surf eskolen kontra noala. Ezta gutxiago ere, surf eskola batean egiten dut lan, ez noa nire teilatuari harriak botatzera. Gustatuko litzaidake, hori bai, surf eskolen jarduera zuzen erregulatzeko prest dagoen udal ordezkariren bat topatzea, edo gutxienez, ereduen inguruko eztabaida piztea.

Aitortu behar dut, azken udal auteskundeen ostean, esperantza banuela, Bildukoek surf eskolen erregulazioaren inguruan zerbait egingo ote zuten. Denborarekin konturatu naiz ordea, ereduen eztabaida hondartzetako jardueretatik harago doala. Udal ordezkariek, lehengoen antza handia daukate, eta ez da arritzekoa. Lehen EAkoak ziren, eta egun ere hala dira, nahiz eta beste eragile batzuekin koalizioan aurkeztu. Eta Ezker Abertzaleko zinegotziak, bakarrik ez daudenez, agian ereduen inguruko eztabaidan parte hartzeko prest leudeken ordezkari bakarrak, zentzu horretan, ezer gutxi egin dezakete.

Gainera, ezker abertzaleko ordezkari askok, «estrategia berria» ongi ulertu ez duelakoan nago, kontua ezbaita soilik formak aldatzea, funtsean eredua bera da aldatzen dena. Beraz, zerbait aldatzeko, eskema zaharrak ahaztu eta txip aldaketa bat eman behar da, zentzu guztietan, eta horrek, gutxienez, eztabaida pizteko balio behar du, gauzak ikusi eta ulertzeko modu bakarra baita. Soilik horrela eman daiteke eredu aldaketa bat, alegia, lehenik norberak eman beharreko ikusmoldea aldatzeko esfortzua egin ostean.

Turismo bulegoak, «Q» kalitatea eskatzen die surf eskolei, baina haien bulegoetatik, ez «Q» kalitaterik, ez langile kontraturik, ez monitore titulurik ez duten surf eskoletara bidaltzen ditu turistak. Eredu publikoaz ez da hitz egin nahi, baina europan, herrialde aurreratuenetan (batzuetan eskuin alderdiak nagusi diren lekuetan) hiritarren beharrak asetzeko eta gutxieneko zerbitzuak eskaintzeko erabiltzen den eredua da. Gurean, ezinezkoa dela dio, ikuspegi berriak ulertzeko esfortzua egin nahi ez duenak.

Surf eskolen erregulazioa aztertzeko ikuspegi integral bat behar da, afera bere osotasunean hartuko duen ikusmolde bat, eta irtenbideak ere integrala izan behar du, eta horretarako eredu egoki bakarra, eredu publikoa da. Hona hemen, nahi duenarentzat, Zarauzko Surf Eskolak aurkeztu, eta inon kasurik egin ez dioten eredu proposamena: http://www.divshare.com/download/19383351-5b9.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo