GARA > Idatzia > Kultura

ZERUA eta INFERNUA

«Bidaietan ni gehien txunditzen nauena pertsonak izaten dira»

p048_f02.jpg

Mikel Markez

Abeslaria

Mikel Markez (Errenteria, 1971) «Hiri hartan izan zen» bere azken diskoa aurkezteko kontzertu biran dabil aurten. Halere, bakarrik zein lagunartean, bere bidaiatxoak egiteko tartea ere badauka, eta Huelvara hamabostaldi batez alde egin aurretik harrapatzeko zortea izan dugu.

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Planifikazio ezak soilik berma dezakeen askatasuna maite du gehien Mikel Markezek bidaiatzerakoan, nahiz eta jakin-minak aurretik zerbait begiratzera derrigortu. Kulturalki guregandik erabat ezberdinak diren bi herrialdek baino, bertan ezagututako pertsonak izan dira Markez gehien markatu dutenak.

Zein da atsegin duzun leku bat edo azkenaldian egindako bidaiaren bat, bereziki harritu zaituena?

Bi esango nituzke: bat garai batean izugarri harritu ninduena, eta bestea duela gutxi harritu nauena. 18 urterekin aurrenekoz Kubara joan, eta lepoak 360 graduko buelta eman zidan: beste gizarte klase bat, gauzak egiteko beste modu bat, bizitza ulertzeko beste era bat, sexua, dena, azken finean. Egia da bidaia hark ia bizitza guztirako markatu ninduela. Eta azkenaldian gehien markatu nauen bidaia Txinara egindakoa da. Hark ere erabat txunditu ninduen, gehienbat txunditu zaitzaketen gauzak lekuak izan daitezke, baina ni gehien txunditzen nauena pertsonak izaten dira.

Gitarraz gain zer eramaten duzu zurekin? Zure tarot-eko kartak, adibidez?

Ba, taroteko kartak ez ditut eramaten bidaietara [barre egiten du]. Baina gitarra normalean bai, ze egia da nik egiten ditudan bidaien gutxienez ehuneko 70 kantatzeko izaten direla. Eta oporrak hartzen ditudanean, esaterako, orain Huelvara hamabostaldi bat egitera noa, eta gitarra nirekin eramango dut. Eta zer gehiago? Ba grabagailu bat ere bai, badaezpada, ideiek alde egin ez dezaten.

Bakarrik ala ezinbestean lagunartean?

Ez, ez, bitara gustatzen zait. Bakarrik bidaiatzea ere gustatzen zait. Beste puntu bat dauka. Lagunekin bidaiatzen duzunean zenbat eta lagun gehiago izan, orduan eta gehiago adostu behar dira gauzak. Aldiz, bakarrik zoazenean nahi duzunean inprobisatu, nahi duzun lekura joan, gauzak egin... askatasun gehiago du bakarrik bidaiatzeak.

Gutxi planifikatzen dituzu?

Normalean aldez aurretik begiratzen dut. Baina gero momentu batean gogoa ematen didan lekura joatea ere atsegin dut. Askatasun hori gustatzen zait.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo