GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Komunak

Hamabost eguneko oporralditxo baten ostean, atzerrian, telebista, telefono eta Internetik barik, nahiko gogorra izan da itzulera. Beroak ere ez dio laguntzen bat-bateko informazio irensteak nire buruan sorturiko zurrunbiloari, nahiz eta berriak joan aurreko bertsuak izan. Jakina, hamabost egunetan ez da ezer aldatzen.

Zenbait gauza ezta hogei urtetan ere! Euskal Herriko tabernetako komunak, adibidez. Kontu hutsala eman dezake, zer axola dio komun ziztrin batek, ezta? Bada, emakumeoi dagokienez, buruhauste handiak sor ditzake komun huts batek, krisketa gabeak. Zaila da pultsuan txiza egitea, beso bat ateari eusteko luzatuta -ate hori komunetik urrun samar egonez gero, hobe punteria ona izatea-, beste eskuan papera prest bukatutakoan garbitzeko, burua ateari eta lehortu beharrekoari txandaka biratuta, bernak tentsioan, izerdi tanta bekokitik behera... Tabernako komunean txiza egitea ondo pentsatu beharreko kontu bilakatzen da. Gizonak oraindik zergatik joaten garen beti binaka komunera galdetzen ibiltzea ere...

Eurek ateari bizkarra emanda egiten dute, atea itxi beharra ere ez dute, inor sartuta ere bermatuta izaten dute gutxieneko intimitatea; parrasta bota, astindutxo pare bat eta kito, di-da. Emakume guztion inbidia, sinpletasun hori. Zenbatetan entzungo ote nuen «gizona izan nahiko nuke txiza baldintza egokietan egin ahal izateko!»

Beti galdetu diot nire buruari nola daitekeen taberna jabeak horren utziak izatea -nik neuk behin baino gehiagotan iradokitu izan dut krisketa bat ez litzatekeela sobera egongo, «bai, bai, arrazoi duzu», baina alferrik-, ogia ahalbidetzen dieten bezeroak horren gutxi zaintzea, emakumeon behar fisiologikoek eragiten dizkiguten eginbeharrak kontuan ez hartzea. Baliteke azalpena zera izatea: garai batean gizonak baino ez ziren ibiltzen tabernetan, beraz, komuneko azpiegiturak ez zuen sofistikazio handirik eskatzen, zuloa eta kito. Luxutan sartuta, konketa txiki bat eskuak garbitzeko. Egun, ordea, tabernak erabat unisexak dira, bezero asko eta asko emakumezkoak gara, baina badirudi jabe batzuk ez direla aldaketaz ohartu, edo komun eremua oso ausartentzako lekutzat hartzen dute, «komantxe eremutzat», alegia. Edo, besterik gabe, berdin zaie.

Ez zait bidezkoa iruditzen, are gehiago, iraingarria iruditzen zait. Hemendik, ahal dudalako, emakume guztion izenean -sozializazio zati handi bat tabernaz taberna garatzen dugunon izenean, behintzat-, eskakizun bat egin nahi diet tabernariei: jarri krisketak ateetan! Ez da garestia, norberak ezar dezake eta, egun, oso moderno eta politak ere badaude. Bezerook, oro har, izugarri eskertu dugu, eta emakumeok, bereziki, balio erantsia aurkituko diogu lokalari, eta, agian, pozaren pozaz, trago berezi bat eskatuz ere ospatuko dugu. Topa! Leku honek aintzat hartzen gaitu!

Komunen kontuak askorako eman dezake, festetara eta mota orotako jaialdietara eramanda, kopuruari, kalitateari eta abarri buruz hizketan hasita, atzean ezkutatzen dena adierazgarria delako oso, beraz, ez dizuet promesten ez dudala berriz lerrootara ekarriko...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo