Kronika | Donostiako piratak
Irrikitaldiarekin lehertu da festa
Umorez, kritikaz eta azken parranda egiteko gogoz agurtu ziren atzo Piratak Aste Nagusiaz. Atzokoa Donostiako festak posible egin dituztenen eguna izan zen, zortzi egunetan zehar lanean aritu diren guztiena. Bulebarrean ekin zioten festari, amaierako ordurik ezarri gabe.
Garazi MUGERTZA
Udalaren programa larunbatean amaitu bazen ere, Piratek, urtero egin ohi duten moduan, Irrikitaldiarekin agurtu zituzten jaiak. Donostian urtean zehar izandako gertakari edota bisita esanguratsuak parodiatu, eta orokorrean «ñoñostiar» guztien irudi satiriko bat aurkezten dute Irrikitaldian, euren buruaz ere barre eginez.
Arratsaldeko bostak hurbildu ahala, Bulebarra elegantez jantzitako gaztez eta helduz -baita haurren bat edo beste ere- betetzen hasi zen; tragoak eskuan eta irribarrea ahoan, kale ezberdinetatik gerturatu ziren plaza bete arte. Erdian presoen aldeko mahaia, materiala salgai. Ezkerretik gorbata laranja dotorea paparrean lotuta fanfarreko kideak, musika tresnak eskuetan hartuta. Inguruan dotore jantzitako jende mordoa, kapela luze, luma eta takoiekin.
Guztiak elkartuta eta argazkilariz inguratuta hasi zuten Bulebarretik desfilea. Aurrean, «Alkatea eta Kofi Annan», kafe taza eskuetan zuela. Eurekin batera EAJ, PSE eta PPko zinegotziak «Eneko Goia, Denis Itxaso eta Maria Joxe Usandizaga». Atzetik, artilleroaren kanoi eta guzti, txaranga, «ñoñostiar pijoak», apaiza, toreatzaile bat, piratak eta tutu arrosa bat baino ez zeraman pertsonaia bat ere bai.
Bidean, alkateak Annani Alde Zaharra erakutsi eta «typical basque» den oro azaldu bitartean, guztiak fanfarrearen doinuekin dantzan eta kantuan ibili ziren Santa Maria parrokiara iritsi arte. Bertan, desfile osoan bezala, herritar eta kanpotar ugari elkarturik zain zeuden, argazki kamerak eskuetan.
Alkatearen hitzak
Santa Mariara heltzean, artilleroen kanoikada. Ondoren, alkateak, Annanek eta hiru zinegotziek hartu zuten hitza.
«Gabon Donostia! ongi denak? Pozten naiz». Agurraren ostean, bertso eta guzti, alkateak «Maria Cristina hotelaren mendeurrena» dela-eta, erreginari elkarrizketa labur bat egin ostean, Eneko Goiak hartu zuen hitza. «Maria Jose, Denis, Juankar, Eneko... eta hau zein da, zure eskolta berria?».
«Hau Kofi Annan da, nire laguna», alkateak, «this is Eneko Goia, he is basque sometime» Annani. Behin mikrofonoa eskuetan, alkateak ez zuen bere Igeldo maitea laudatzeko tarterik galdu. «Igeldo is different».
Annanek ere hitz egin nahi izan zuen, «the peace in the world is very very important. Estamos trabajando en ello mi amigo y yo», alkateari eutsita.
Maria Jose Usandizaga muturtuta zegoen, ordea, batez ere aurtengo txupinazoa Piraten esku zegoela jakitean. «¡Terroristas!».
Baina amaiera hurbildu ahala, Jon Bon Joviren doinuekin haserreak ahaztu, eta zinegotziak ere festan sartu ziren buru-belarri. Goiak bere aurpegirik «rockeroena» erakutsi zuen, Usandizagak tximak astindu zituen, eta Itxasok dantza «sexi» bat eskaini zien ikusle eta jarraitzaileei.
Gipuzkoan eta bai Donostian ere horrenbeste polemika sortu duen atez ateko sistemaren ikur bilakatu den haize errotek ere izan zuten lekua Irrikitaldian, alkateak «hirukote toxikoari» bana oparitu zienean.
Piraten txupinazoa
Artilleroen laguntzaz Piratek txupinazoa jaurti ostean lehertu zen festa.
Azken hitzak Iosu Uribetxebarria euskal preso politikoarentzat izan ziren, ikusleak presoen aldeko aldarriak oihukatu aurretik.
«Zorionak denei! Zorionak Eskifaia kofradiari! Eskerrik asko guztioi! Iosu, pirata guztiak zurekin gaude! Animo Iosu! Iosu etxera!».