GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Gorputza Vianan, gogoa Arraten!

 

Espainiako itzuliko bigarren etapa bukatu berri dugu. Bero izugarriarekin 181 km egin ondoren, gure gorputz izerdituak Vianan aurkitzen dira, baina burua eta bihotza Arrateko tontorrean ditugu jadanik. Vuelta hau berezia da guretzat, etxean hasi garelako. Iruñean hasi eta lehen lau etapetan Euskal Herriko errepideak zeharkatuko ditu Espainiako itzuliak, eta euskal zaleok giro berezia sortzen duzuenez, gure bizipenak ere halakoak dira. Polita da benetan, irteerara iritsi eta lagun eta ezagunekin egotea, Arritxuren ahotsa euskaraz entzutea bozgorailu ofizialetik, ikurrinak nonahi, animo oihu etengabeak... Ederra!

Hori guztia eskertu nahi genuke, baina atzo eta gaur ezer handirik egiterik ez dugu izan, gure ezaugarrietara egokitzen den ibilbiderik ez dugulako izan. Baina jada biharko Arrateko gainean dugu burua, eta han bai zerbait egiteko aukera izango dugula, indarrik badugu behintzat. Hori daukagu buruan eta ez dakit nola antolatuko garen baina zerbait egin beharra dago! Lagun baten mezua jaso dut gaur, biharko taktika argi dagoela esanaz: «Lehenengo pintada egin diagun lekuan erasoa jo eta azkenekoa egindakoaren parera arte eutsi behar diok!». Kapazitaterik banu, dudarik ez egin hala egingo nukeela, baina seguru lehenengo pintada hori Eibarko kaleetatik irten bezain pronto egin dutela eta azkena Arrateko santutegiaren parean. Ez dakit inor gai litzatekeen halakorik egiteko!

Kalamuaren magalean jaioa izanik, karrera edonola joanda ere mendate horretan gora bihar gozatuko dudala inongo zalantzarik ez daukat. Zuei ere bertara hurbildu eta berdina egiteko gonbidapena egiten dizuet!

Ea elkarrekin gozatzeko aukera dugun...

Bihar arte!

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo