GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Txinpartak eta suteak Asia Ekialdean

Ia inork ez die jaramonik egiten gure artean benetako gatazken pizgailu izan daitezkeen gaizki amatatutako sute zaharrei

Gutxi izango dira, Mao Zedongi egozten zaizkion ehunka esapideren artean, sute ikaragarria piztu dezakeen txinpartatxoa aipatzen zuen hura baino ospetsuagoak: «Xing xing zhi huo, ke yl liao yuan». (Ez dut handikeriaz ipintzen horrela: ingelesezko itzulpen itxuroso samarra -«a single spark can start a prairie fire»- abiapuntutzat hartuta berritzuli zelako edo, hizkuntza erromanikoetan «belardiak» sutan ipintzeaz mintzo den xelebrekeria batean amaitu zuen esamoldeak, eta gogoan dut oraindik endekapen horrek sorrarazitako tema agro-filosofiko-politikoren bat). Edonola ere, Maok -beste hainbatetan bezala, txinatar klasikoen ondaretik bereganatuta- 1930ean, Guevara oinez ibiltzen hasi berria zenean, plazaratu zuen aburu hori fokismoaren lehen manifestutzat hartu dute askok. Gaur egun badakigu, bestalde, Lin Biao gazteak igorri zion gutun bati aurka egitera zetorrela ideia hura... eta seguru asko une hartan Lin Biaok zioena zentzuzkoagoa zela Maok idatzi zuena baino. Bego horretan auzia.

Laurogei urte geroago, sutea abiaraz dezakeen txinpartaren metafora Txinaren etorkizunaz diharduten aditu eta ez hain aditu askoren gogoeta-giltzarri bilakatu dela ematen du. Indarrean dagoen sistemari arrakastaz aurre egingo dion aldizkatzearen zantzurik ageri ez delako, dena sutuko duen pindarraren bilaketan murgildu dira Mendebaldeko sinologo gehienak. Eta txinparta nondik etor daitekeen dute igarkizun nagusia. Hazkunde ekonomikoaren moteltzeak derrigorrean sortuko lituzkeen ondorio sozialak lirateke pizgailu hori, askoren ustez; horregatik zaintzen dituzte berebiziko arretaz Txinako ekonomiaren datu estatistiko xumeenak ere. Beste batzuentzat, herri minoritarioekiko kontraesanak dira ardagaia, eta Tibet edo Xinjiangera begiratzen dute etengabe. Agintean daudenen arteko tirabira eta ika-miketan legoke txiskeroa, beste zenbaiten ustez, eta Gu Kailai-n. Heywood-Bo Xilai aferari eskaini dioten arreta ikusi besterik ez dago.

Bitxiki, iragan egun hauetan Senkaku/Diaoyu irlatxoen inguruan txinatar eta japoniarren artean berpiztutako iskanbilak erakusten duenez, ia inork ez die jaramonik egiten gure artean benetako gatazken pizgailu izan daitezkeen gaizki amatatutako sute zaharrei. Asia Ekialdeko potentzia eta herrialdeen arteko liskar territorialak, iraganeko gorabehera lazgarriekin edota etorkizuneko beharrizan ekonomikoekin irmoki lotuak, lehen mailako ezegonkortasun faktoreak dira eskualdean. Egun hauetan frogatu da, beste behin: aski izan da Hong Kongeko jende taldetxo bat itsasoan galdutako uharte horietako batean sinbolikoki lehorreratzea, kalapita politiko-diplomatiko potoloa abiarazteko: kanporatzea, Beijingen protesta diplomatiko ofiziala, arrapostuzko «berrokupazio» japoniarra, Txinako hainbat hiritan egin diren manifestazio antijaponiar jendetsu eta aski bortitzak... Irlatxoak «berreskuratzera» joan ziren txinatarrek zeramatzaten bandera ezberdin mordoa aztertzen duenak, bestalde, ezusteko bat baino gehiago topatuko du.

Esan baitzuen beste batek: «Txinparta bakarra aski da gasa leherrarazteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo