Hirugarren maila
Lakuntzan banatuko dira finala jokatzeko falta diren azkeneko bi txartelak
J.L.
Lakuntzan jokatuko da gaur, 18.00etatik aurrera, Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako hirugarren eta azkeneko kanporaketa, eta hantxe banatuko dira finala jokatzeko falta diren azken bi txartelak.
Kintana, Oregi, Garitaonaindia, Urteaga, Pellejero, Eraso, Resano, Goñi eta Vazquez lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta lehenengo bi sailkatuek lortuko dute azaroan jokatuko den finalean aritzeko txartela. Gaur Lakuntzan izatekoak ziren Erdozia eta Lekue ere, baina biak min hartuta daude, eta uko egin behar izan diote parte hartzeari.
Kanporaketa estua agertzen da, faborito garbirik gabe, nahiz eta zaleen ustez Asier Pellejero den finalean sartzeko faborito nagusietako bat. Lanak ere oso laburrak dira, eta deskuidu txiki bat nahikoa izango da kanpoan geratzeko. Jadanik, Raul Kastro, Julen Kañamares, Ruben Saralegi eta Arkaitz Jauregi sailkatuta daude. Bihar ilunabarrean jakingo dute nortzuk diren finalean izango dituzten aurkariak.