ARTZAIN EGUNA
Adineko hiru artzain omenduko dituzte Legazpin
Ohikoa den bezala, iraileko lehenengo igandean, Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute Legazpin. Goizeko hamarretan hasita, egun osoan zehar izango dira ekitaldiak. Hiru ordutan, latxa arrazako ardi eta aharien erakusketa, sagardo eta gazta dastatzea eta artisauen postuak izango dira. Eguerdian, Oñatiko Araotz auzoko Madina baserriko Maximo Zumalde, Arantzazu bidean dagoen Urkiaga baserriko Julian Corta eta Zegamako Juan Aldasoro Zabaleta artzain edadetuak omenduko dituzte. Jarraian, Artzain Gazta txapelketaren 28. edizioko irabazlearen izena emango dute. Tarte horretan, Ikatza taldeak antolatuta, argazkilariak izango dira nonahi argazki rallyrako irudiak harrapatzen.
14.30ean Aitxuri jatetxean herri bazkaria egingo dute (txartelak goizean zehar salduko dituzte). Arratsaldean, 17.30ean, sei artzainek Artzain Txakur Txapelketaren 44. edizioan parte hartuko dute. Ekitaldia Urtatza auzoko urtegirako bidean dagoen zelaian egingo dute.