DONOSTIA
Zinema, zortea eta txokolatea Igeldoko mendeurrenean
Igeldoko jolas parkeak ehun urte betetzen ditu gaur. Ospatzeko, hiru berrikuntza jarriko dituzte martxan. Batetik, parkearen sarreran dagoen zinema zaharra berriro irekiko dute. Historikoki zoo bat zegoen bertan, eta 90eko hamarkadan Donostiako lehenengo 3D zinema eraiki zuten. Animalien dokumentalak proiektatzen zituzten, desagertu zen arte. Eguerditik aurrera bere funtzioa berreskuratuko du, eta erakusketa eta proiekzio gela bezala erabiltzen hasiko dira.
Bigarren berrikuntza da zinemaren gela horretan bertan zortearen gurpil bat jarriko dutela. Funikularrean igotzen direnek txartela erakutsiz gero, txanda bat izango dute, eta saria eramango dute. Azkenik, Tolosako Gorrotxategi gozodendak Igeldoko mendeurreneko ospakizunekin bat eginez, jolas parkearen txokolatezko figura bat sortu du, suitzar mendi eta guzti. 17.00etatik aurrera eskultura apurtu egingo dute eta nahi duenak dastatu ahalko du.