GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Ez dakigu, ez baitzen halakorik gertatu

Gazteek ez bide dakite nor zen Agustin Rueda. Zaharrek ere, gutxik gogoratzen bide dute, gehienek haren berri jaso ere ez zuten egingo. 1978ko martxoan Carabanchelgo kartzelan zulo bat agertu zen. Hainbat kartzelerok zortzi preso -tartean Agustin Rueda anarkista- galdekatu eta torturatu egin zituzten. Torturaren ondorioz, Rueda hil egin zen. Hilketa harengatik, Carabanchelgo zuzendaria, zuzendariordea, zerbitzu buru bat eta bederatzi kartzelero auzipetu zituzten. Torturatutako presoetatik bi, kartzeleroak auzipetzeko lekukotasun nagusia eman zutenak, Herrera de la Manchako kartzelara eraman zituzten. Han kartzelero talde batek heldu bezain laster jipoitu eta aurrerantzean tratu txarrak emango zizkien. Egun gutxiren buruan, preso horiek epailearen aurrean beren lekukotasuna ukatu zuten. Abokatu bati esker, epaileari Herrerako tratu txarren berri jakinarazi baitzion, auziak aurrera egin zuen. Hamar urte igarota, kartzeleroak epaitu eta hamar urteko kartzela zigorra ezarri zieten zuzendariari, zuzendariordeari eta beste bost kartzelerori; beste hiruri, berriz, zortzi, zazpi eta sei urtekoa, eta bi urteko zigorra Carabanchelgo bi medikuri. Auzipetutako zerbitzu buru bat 1979an hila zen, bihotzekoak jota.

Eta kartzelero horietako batek gaixotasun sendaezina izan balu eta geratzen zitzaion bizitza etxekoekin igarotzea eskatu izan balu? Zein gaiztoa zen agertuko al zen hedabideetan egunero? Ala lehenbailehen askatuko zuten, legeak eta etikarik oinarrizkoenak eskatzen duten bezala? Eta biktimek, esate baterako Agustin Ruedaren sendiak, eskatuko al zuten kartzelero hori hil baino egun bakan batzuk lehenago arte kartzelan atxikitzeko...?

Ez dakigu, ez baitzen halakorik gertatu. Alegia, zigortutako kartzelero haietatik inork ere ez baitzuen kartzelan zortzi hilabete baino denbora gehiago bete.

Ez al dira aski Gobernuaren, fiskalaren, auzi medikuen, biktima profesionalen eta hedabideen hainbesteko hipokrisia, neurtzeko kana desberdinak, mendeku gosea... Nolatan liteke inoren sufrikarioa hainbaten gozagarri izatea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo